Irurita Elizondo saihesbiderako 4 aukeren artean hautatu beharko dute

Xan Harriague 2006ko aza. 29a, 10:37

Miranda kontseilariaren arabera 2009rako bukatua izan beharko luke

Astelehenean, Alvaro Mirandak, Herri lan, Garraio eta Komunikabideen kontseilariak, Irurita Elizondo saihesbidearen proiektuaren azterketa aurkeztu zuen Baztango udaletxean. Errepide horrekin, Elizondon eta Iruritan trafikoak eragiten dituen arriskuak murriztu nahi dira. Gaur egun, egunero 4.500 dira aipatutako herri hauek zeharkatzen dituzten ibilgailuak, horien artean %5 kamioiak direnean.

Aurkeztutako azterketak 4 aukera bereizi ditu. Lauek aurrekontu bertsua izanen dute, 9,5 milioi euro ingurukoa. Luzetasunean lau aukerek 6 bat kilometro izanen dituzte, Arraiozko saihesbidearen bukaeran hasiko dira, eta Elbeteko irteeran bukatuko, gaur egungo ibilbidearen ezker aldetik pasatuz. Aurreikusten den errepidea 3,5mko bi karrilekoa izanen da, aldeetan 1,5mko bazterbideak izanen dituenean.

Momentuz 4 aukera horien artean bi dira lehen balorazio baten ondotik puntu gehien lortu dituztenak, baina erabakia hartu baino lehen, hemendik hiruzpalau hilabeteren buruan aterako den ingurumeneko txostena itxoin beharko dute. Proiektua ongi joanez gero, lanen adjudikazioa heldu den urteko azken hilabeteetan egin beharko litzateke. Saihesbidea 2009. urteko udan bukatua izan beharko luke kontseilariaren erranetan. Bestalde, asteleheneko bilera aprobetxatuz eskualdeko errepideetako bertze kontu batzuk aipatu zituzten, hala nola, heldu den urte hasieran Azpilkuetako errepidea konponduko dutela, zola berritu eta zabaldu, eta Endarlatsako zubiak ingurumenean izanen duen eraginaren txostena onartu duela Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun