“Pilotako bizia motza da eta etorkizunean bertze lanbidea behar da”

Xan Harriague 2006ko azaroaren 24a

Unai Apeztegia pilotatik arroltzetara. Batean aise jotzen ahal bada bertzeari kasu eman behar zaio. TTIPI TTAPA

Unai Apeztegia Aurtizko pilotaria

Aurtizko pilotariak aski ongi daki profesionalen munduan aritzeko iraupena mugatua dela eta azken batean bizian laburra dela. Horregatik ttikitatik ezagutzen duen lanean sartu da, oiloen hazkuntzan. Gazte denboran horrelako lanean aritu bazen ere, egin duen granjan dena automatizatua dago eta oraindik bere lan nagusia den pilotan aritzeko astia uzten dio. Elizondoko gainekaldetan eraiki ditu abeletxe modernoak.

Ordu aunitzik pasatzen ez badu ere, egunero kontrolatu behar du.

Pilota munduak eta oiloen hazkuntzak zer dute amankomunean?

Ezer ez, bainan pilotako bizia motza da eta lanbide hau ezagutzen nuen gutti gora behera nola zen. Bi granja egiteko aukera bazen eta animatu egin gara horretan sartzera. Gazte denboran, horretan aritu nintzen lanean, afizionatuen mailan ari nintzenean eta gero bistan dena profesionaletara pasatu nintzelarik utzi nuen.

Hala ere, geroztik lagun batekin aritu naiz, noizbehinka esku kolpe bat ematen nion. Orain independizatu naiz eta bakoitzak berea du eta gustura.

Nola moldatzen zara bi jardunaldi horiek eramateko?

Dena automatizatua da eta beraz, denbora aunitz uzten dit nire gauzak egiteko. Goizean 8etan etortzen naiz, kontrolatzeko eta dena ongi baldin bada, 11ak arte ez dut presarik izaten. Orduan aprobetxatzen dut entrenatzeko.

Arratsaldean berdin 6ak arte libre nago eta etxera itzultzen naiz 8ak aldera. Horretarako sartu nintzen horrelako proiektuan, pilotarako ordu asko uzten didalako.

Nola ikusten duzu zure burua 4 edo 5 urteren buruan?

Hemen, granjan, segur. Oraindik 30 urte ditut eta ikusiko dugu hemendik 4 urteren buruan pilotan segitzen dugun. Ez banaiz gehiago hortan ari oiloen hazten segituko dut bainan gogor lan egin dut, eta agian, oraindik goi mailan pilotan aritzeko gai izanen naiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun