Herri eskolen egoerari buruzko ikerketa egitea eskatu du Udalak

ttipi-ttapa 2006ko aza. 23a, 18:10

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eginen du

Ikasle eta irakasleen segurtasuna babesteko helburuarekin, Baztango Udalak hamar herri eskolen egoerari buruzko ikerketa egitea eskatu dio Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari. Departamentu honek txostena egitea onartu du, baina akatsak topatzen badira, udal eraikinak direnez, moldaketa lanak Herriko Etxeak ordaindu beharko dituela gogorarazi du.

Carlos Garaikoetxea, kultura eta hezkuntza zinegotziak gogorazi duenez, «gan den ikasturtean hainbat arazo izan dira, eskolen egoera kaxkarrarengatik». Ziga eta Amaiurko eskoletako teilatuak erori ziren, Azpilkuetan eta Arizkunen arraildurak agertu ziren, Almandozko eskola egoera penagarrian dago… Bertze arazoak ere agertu dira: «Erratzuko eskolan –dio Garaikoetxeak– kalefakzioa jartzen hasi eta hezetasunaren eta ixurien eraginez soliboak ustelak daudela ikusi dugu. Horrek lanak zaildu eta garestitu ditu». Duela aste batzuk, sute batek Oronozko herriko gimnasioa erre zuen eta zenbait ikasgela kaltetu zituen.

Arazo guzti hauek ikusiz, egoera orokorrari buruzko ikerketa egitea nahitaezkoa dela iruditzen zaio Udalari. Hezkuntza Departamentuaren erantzuna «bitxia» iruditu zaio Carlos Garaikoetxeari: «lehenik ikasle eta irakasleen segurtasuna bermatu nahi dugu, eta gero ikusiko da lanak nork ordaintzen dituen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun