Erresonantziak egiteko makina ibiltaria Elizondon

Xan Harriague 2006ko aza. 15a, 16:39

Egunean 35 bat erresonantzia egiten ahal ditu

Nafarroako Osasun Zerbitzuko erresonantzia magnetikak egiteko makina ibiltaria Elizondon egon da azken bi egun hauetan eskualdeko pazienteei zerbitzu hau eskaintzeko. Azpiegitura ibiltari hunek urriaren 5ean martxan jarri zen, eta hemendik goiti Nafarroako herri nagusietan ibiliko da. Egunean 35 bat erresonantzia magnetika egiten ahal ditu, eta hilabetean 800 bat. Lehen 5 aste hauetan 600 egin ditu.

Lehen aldia da Iruñatik kanpo ateratzen dela. Elizondotik pasatu eta gero, Tuteran, Lizarran eta Tafallan egonen da. Sistema berritzaile hori hautatu dute erresonantzia behartua den lekutik hurbiltzen delako, eta beraz pazienteak ez duela mugitu beharrik.

Kamioi batean ibiltzen den azpiegiturak, ospitale batean eman daitekeen kalitate berdina eskaintzen du. Unitate mugikor honekin, Nafarroako Osasun Zerbitzuak duen laugarren erresonantzia magnetikak egiteko makina da, bertzeak hiruak finkoak dira Iruñean.

Erresonantzia magnetika, gorputzaren azterketa ahalbideratzen duen teknika da, ukitu eta erradiaziorik gabe. Ohatilan etzanda, pazientea, eremu magnetikoa sortzen duen tubo batean sartzen da. Horren ondorioz informatikaren bitartez irudi bat ailegatzen da ordenagailura.

Azken urteetan teknika horrek arrakasta handia ezagutu du 1990. hamarkadan hasi zenetik. Nafarroan 2000. urtean 7.500 erresonantzia egin ziren, 5 urte beranduago, 2005ean, 16.000. Unitate ibiltari horrek egutegi finkorik ez du momentuko, baina 50 bat pazienteko zerrenda osatuz gero, berriz ere Elizondora itzuliko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun