Elizondoko Santiago eliza lauzpabortz hilabetez itxia egonen da lanak egiteko

Lanen aurrekontua 540.900 eurokoa izanen da

Elizondoko Santiago eliza itxia egonen da lauzpabortz hilabetez, barrenean moldaketa lanak egin ahal izateko. Azkeneko meza azaroaren 2an eman zuten eta lanak akitzen diren bitartean, parrokiak duen bertze gela batean izanen dira.

Lanak hasteko, Oskariz eraikuntza enpresak tarima altxatu, saneamendu lanak egin, lur azpiko kalefakzioa jarri eta portzelanazko zola jarriko du, beroa hobeki pasatzen delako. Bertze aldetik, Beis enpresak pintura lanak eginen ditu. Lanak akitzeko, beirateak eta organoa zaharberritu eta erretaulak garbituko dira. Aurrekontu osoa 540.900 eurokoa da eliztarrek dagoeneko 150.260 euro jarri dituzte. Aurrekontua estaltzeko, Nafarroako Kutxak eta eliztarrek jartzen dutenaz gain, epe luzerako mailegua ere eskatu du parrokiak.