Erdiz, nor zara?

Utzitako argazkiak 2006ko aza. 2a, 13:50

Erdiz non den badakizu? Ez? Bada, Iruritako errekako inguru zoragarri bat da, hainbertzerainokoa, Europak komunitatearendako toki interesgarri (Lugar de interés comunitario LIC) izendatzekotan dela.

Izen honekin Europak, ekologikoki balio berexia dituzten inguruak babesten ditu:

Bazkatoki komunalak zer diren segur denek badakizuela. Baztango nekazariek, beren haziendak bazkatzeko behar-beharrezko tokiak dira. Baztanen hiru daude, eta hauetako garrantzitusena Erdiz da. Erdizen erran molde batez, 600 behi buru baino gehiago bazkatzen dituzte, ehundaka ardi eta dozenaka abre.

Eta isiltasuna, badakizue zer den isiltasuna? Gauza aunitz izaten ahal da, baino tartean, inori deus erran gabe, altxapean gauzak egitea izaten ahal da... Pentsa multinazional baten adarra (Magnesitas Navarra) etortzen dela eta, administrazioaren ongi ikusiarekin - Baztango udaletxea, diputazioa...- herrian inork, deus jakin gabe, toki bat zilotzen hasten dela. Hara non: jabego komunaleko bazkatoki batean, duen balio ekologikoarengatik Europak komunitatearendako toki interesgarri izendatu nahi duen inguru batean. Zilotu? Bai! Zundaketak. 16 zundaketa puntu, horietako bakoitza egiteko, bertze hainbertze pistarekin, eta zundaketak egin ahal izateko beharrezkoak diren lur berdintze eta zelaitzeekin. Zerendako? Bistan da, lur azpian zer material dagoen ikusi eta alimaleko harrobia egiteko... Non? Erdizen doike! Txutxumutxu bat, zundaketen aurrekontua 210 milioikoa da.

Zerengatik ixilpean eta altxapean? Hori jakin nahiko genuke, zuk ez? Hemen zenbait galdemodu, buruan gehiago oraino. Jakinminez eta kezkatuta? Bada etor zaitez abenduaren 22rako antolatu dugun mendi ibilaldi informatiborat. ERDIZ BIZIRIK!

Joseba OTONDO.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun