3.400 kilo sagar jo eta estutu zituzten Kirikoketa bestan

Xan Harriague 2006ko urr. 26a, 12:58

Aurtengo denboraldiko sagarnoa urtarrilean prest egonen da

Joan den larunbatean Kirikoketa doinuak aditu ahal izan ziren Arizkungo Gamioxarrean. Kirikoketa besta zela eta, Jo ala Jo kultur elkarteak aurtengo sagardoa egin zuen joan den urtean konpondu zuen XVII. mendeko dolarean. Goiz osoan lanean arituz, 3.400 kilo sagar jo eta estutu zituzten. Lan gehiena elkarteko kideek egin zuten baina sagarnoa nola egiten den ikustera etorri zirenek lagundu ahal izan zuten. Hurbildutako jendeen artean haur batzuk ere baziren. Begiak zabal zabalik sagarra nola xehatzen den begiratu zuten. Helduak berriz harrituagoak egon ziren dolarearen neurriarekin, Nafarroan dagoen handienetarikoa baita.

Sagarra jo eta gero, zureria paratu zuten eta pixkanaka-pixkanaka estutzen hasi ziren. Sagarrak hiruzpalau hilabetez irakiten utzi ondotik sagardoa bilakatuko den edaria ematen hasi zen.

Kirikoketa doinuen laguntzarekin goizean lanean gogor aritu zirenek, bazkaria eta arratsaldea ederki pasatzeko aprobetxatu zuten.17:00etan perkusio jaialdia izan zen, Kirikoketa doinuez gain Hernaniko txalapartarien laguntza ere izan zuten arratsaldea animatzeko.

Bigarren urtea besterik ez bada ere, urteak joan ahala, baliteke besta hau sagardozaleen hitzordu bilakatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun