Piriniotako behien lehiaketa eta enkantea eginen dira aste hondar honetan

ttipi-ttapa 2006ko ira. 18a, 15:23
TTIPI TTAPA

Igande eguerdian izanen da sariketa eta enkantea Elizondoko Merkatu Plaza inguruan

Asteburu honetan, Baztango Udalak eta ASPINAk antolaturik, Piriniar arrazako behien lehiaketa-enkantea eginen da Elizondon. Aurtengoan 19. edizioa den honetan, inguruko nekazariez gain, Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako nekazariek ere parte hartuko dute eta 350 behi gorri biltzea espero da.

Irailaren 23an, larunbat goizean, azienda-sartzea eginen da Elizondoko Merkatuko Plazan eta arratsaldez, behi gorriak aztertu eta sailkatu eginen dituzte. Feria honen inguruan, hainbat ekitaldi antolatu dira eta larunbat arratsaldeko 18:00etan profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dira Baztan pilotalekuan. Eskualdeko artisauen produktuen azoka eginen da egun osoan.

Igandean, 11:00etan Nafarroako aratxekiaren dastaketa izanen da. Eguerdian azienda lehiaketaren sariketa eta enkante edo subasta eginen dira Elizondoko Merkatu Plazaren inguruan Ondotik, ASPINAk aratxe bat zozketatuko du.

Feriak sortzen dituen gastuak ordaintzeko, Nafarroako Gobernuko eta zenbat babesle pribaturen dirulaguntza lortu da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun