Agenda 21eko inkestaren emaitzak aurkeztu ziren

ttipi-ttapa 2006ko abu. 3a, 14:51

Azaroaren 2an egindako bilkuran plangintza hau eztabaidatzeko herritarren Foroa ere osatu zen

Azaroaren 2an egin zen Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean Baztango Agenda 21 aurkezteko lehendabiziko bilkura. Bilera horretan, Agenda 21en aurkezpena egiteaz gain, 300 herritarrei egindako inkestaren emaitzak ezagutzera eman eta eztabaidatu ziren eta Baztango Agenda 21 Foroa osatu zen.

Agenda 21eri dagokionez, «Baztanerako garapen plan jasangarria» dela azpimarratu zuten bertan lanean ari diren teknikariek: «Baztan zer den eta etorkizunean zer izatea nahi dugun eztabaidatu behar dugu denon artean». Bilerara agertu ziren batzuk Agenda honen premiari buruzko zalantzak agertu zituzten: «Berriki Baztango Plan Estrategikoa egin bada, zergatik orai Agenda 21?» galdetzen zuten. Agenda 21ek Plan Estrategikoan landutakoa hartu eta osatuko duela erranez erantzun zuten udal ordezkariek.

Osasun zerbitzuek balorazio ona

300 baztandarrei egindako inkestaren emaitzei dagokienez, «emaitzak espero zitezkeenak» direla aipatu zuten bildutakoek. Halere, harridura sortu zuen baztandarrek osasun zerbitzuei buruz duten balorazio ona. Foroaren ustez, «herritarrek gaur egun eskaintzen diren zerbitzuak ongi daudela uste dute, baina gehiago behar direla onartzen dute, erradiografia adibidez».

Lan munduari dagokionez, Baztanen ez dago langabeziarik, «langile aunitz kanpora gaten direlako». Alde horretatik, inkestatuen ustez, ingurumenarekin errespetua duen industria taila jarri beharko litzateke Baztanen.

Ezkabako tunelekin Iruñerako gan-etorriak hobetu direla onartzen badute ere, N-121 errepidea moldatzea beharrezkoa dela uste dute baztandarrek. Komunikabidez ongi hornitua baldin badaude ere, herritarrek udal kontuen komunikazio zuzenagoa eta informazio objetiboa eskatu dute. Herritarren Foroa berriz abenduan biltzeko gelditu zen eta deialdia eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun