EAren jarrera «biktimista» salatu dute Baztango UPNko zinegotziek

ttipi-ttapa 2006ko abu. 3a, 14:50
Isabel Bidart, Begoña Sanzberro, Leopoldo Jaen eta Jose Antonio Bergara UPNko zinegotziak, azaroaren 7an emandako prentsaurrekoan. TTIPI TTAPA

«Bere lana bete ez eta Nafarroako Gobernuari botatzen diote errua»

Baztango UPNko zinegotziek prentsaurrean agertu ziren azaroaren 7an, alkatetza duen EAk jarrera «biktimista» agertzen duela salatzeko eta gisa honetara «jendea engainatzen» ari direla erranez. Begoña Sanzberro eta Leopoldo Jaen bozeramaileek erran zutenez, EAko zinegotziek «beraien inkopetentzia estaltzeko demagogia merkea» egiten dute.

UPNren baieztapena hiru zutabetan oinarritu zen. Alde batetik, kontribuzioaren igoera aipatu zuten. Sanzberroren erranetan, «egia da legez tasak egokitu behar direla, baina herri bakoitzean ezartzen den tasa udalaren konpetentzia da. Orai Baztanen 0,30ekoa ezarri dute, azken urteetako altuena».

2005-2008 Hirurteko Planari buruz EAk adierazitakoak ere erantzun zituzten UPNkoek. EAren ustez, «Baztanekin bigarren mailako tratamendua izan da dirua banatzerakoan». UPNren erranetan «azken planean 6 milioi euro eman ziren eta gaur egun lanak egiten ari dira. Hain zabala izan zen Baztani emandakoa, ez dugula dena egiterik izan». Azken banaketan Baztan baino makurrago dauden Udalak ba omen dira.

Elizondoko zeharbideari dagokionez, azken aurrekontuan izan den 600.000 euroko igoeraren errua EArena dela adierazi zuten UPNko zinegotziek. «Udaletik egiazko premiei egokitutako aurrekontua aurkeztu izan balitz, bakarrik 120.000 euroko igoera izanen litzateke, 240.000 euroko kostua udalarentzat eta 360.000 euro aurreztuko genuke. Baina aurrekontu zaharkitua aurkeztu zen eta gertatu dena gertatu da. Gestioa ikaragarri txarra izan da».

EAren erantzuna

Eusko Alkartasunak erantzun egin dio Baztango UPNren adierazpenei. Maiorga Ramirez, Nafarroako EAren presidenteak aipatu duenez, «UPNk ez du deus egiten Baztanen alde. EAko udal taldearen borondate onaren ondorioz, Turismo eta Ingurumen zinegotziak bereak dira, baina gainerako zinegotziek egin behar dute lana, UPNkoek ez dutelakoz ez programaziorik ezta plangintzarik ere». EAko zinegotzien lana babestu zuen Ramirezek, aunitz aitzinetik herrietako alkate lana bete dutela azpimarratuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun