Giltxaurdi udal kirol instalazioen kudeaketa berriz ere lehiaketara atera du Udalak

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 20a, 13:44
Gaurko egunean 1.034 abonatu ditu Gitxaurdi udal kirol instalazioak. Artxibokoa

Gesport enpresak ekonomikoki ez dela bideragarria segurtatu du

Elizondoko igerileku estalien udal kirol instalazioen kudeaketa-zerbitzurako kontratua etetea adostu dure Balleko Udalak eta Gesport enpresak, bideragarritasun ekonomikorik ez duela segurtatu ondotik. Honela erabaki zuen Udalak, EAren aldeko botuekin eta UPNren abstentzioarekin. Ondorioz, kudeaketa zerbitzua kontratatzeko lehiaketa deialdi berria eginen du Balleko Udalak Horretaz gain, lehiaketa berria egin arte eta gaur egungo egoera ekonomikoa moldatzeko, Udalak instalazio horietarako urteko 350 abono hartuko ditu. Hilabetero instalazioak dituen abonatu kopurua zenbatuko da eta gaur egun dituen 1.034 abonatuetatik goiti egiten duen kopuruaren neurri berean jautsiko dira udalaren abonoak. UPNren ustez, adjudikazio berria egin arte kontratua betetzea eta zerbitzua ematen segitzea eskatu beharko litzaioke Gesport enpresari eta kontratua etetea eskatzen badute, kontratua ez betetzeagatik dagozkion zigorrak ezartzea. 350 abono erosteari dagokionez, UPNri ez zaio instalazioak zabalik mantentzeko neurririk egokiena iruditzen, eta kaltegarria ere izaten ahal da, «Udalak nola edo hala instalazioak mantenduko dituela ikusiz, abonatu kopurua jausteko arriskua baitago». Legezkoa ote den ere zalantzak agertu zituen UPNk, baina udal idazkariaren erranetan araudiari egokitzen zaio. EAk bere aldetik, herrian gehien erabiltzen den instalazioaren funtzionamendua garantizatu nahi dela erantzun zuen, abonatuekin duen betebeharra delakoz.

«Herritarren bizi-kalitatea hobetu da»

Iñigo Iturralderen ustez, Giltxaurdi Udal Kirol Instalazioarekin baztandarren bizi-kalitatea nabarmen hobetu da. Instalazio hau eraikitzea udalarentzat esfortzu ekonomiko handia izan zela onartu ondotik, «errentagarritasun sozial handiena duen udal azpiegitura» dela ere nabarmendu zuen. «Hori bai, 8.000 bizilagunera ailegatzen ez garela kontuan hartuz, zaila da bideragarritasun ekonomiko nahikoa izateko haina erabiltzaile lortzea». EAren ustez, Udalaren betebeharra da kirol eta aisiaren praktika erraztea eta bultzatea. Horregatik, «ahalik eta baztandar gehien sartzeko moduko prezio publikoekin segitu nahi dugu. Oso-osorik diru publikoarekin ordaindutako instalazio publikoak, ez luke inoiz klub pribatu batean bihurtu behar». Begoña Sanzberrok, UPNren nahia ez dela igerilekua ixtea argitu zuen, «baina igerilekua zabalik mantentzea bezain soziala da horrek udal kutxari ahalik eta kostu gutien sortzea eta hor ere EAk egon beharko luke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun