Lekarozko ikastetxe zaharra Udalak erostea aholkatu dute

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 18a, 09:25

"Iniciativas Innovadoras" enpresak herritarren iritzia bildu du

Lekarozko Kaputxinoen ikastetxe zaharra Balleko Udalak erostea eta gizarte, hezkuntza nahiz kultur zerbitzua eskaintzeko erabiltzea nahi dute herritarrek. Ondorio hori atera du «Iniciativas Innovadoras» enpresak, Udalaren enkarguz ikerketa egin ondotik. Maiatzaren 29an egin zen txostenaren aurkezpena. Mahaian, Virginia Aleman alkatea, Santiago Aldako zinegotzia eta ikerketa egin duen enpresako Javier Bazterrika eta Isabel Elizalde izan ziren. Aurkezpenera 40 bat baztandar eta Lekarozko ikastetxeko ikasle ohiak agertu ziren. Hauen ustez ere, Udalak «jarrera ausarta» hartu eta ikastetxea erosi egin beharko luke. Jakina denez, ikastetxea 2002. urtean behin betikoz itxi eta 14 Hektareako lur eremua salgai jarri zen. Alkateak aipatu zuenez, zenbait inmobiliariak lur eremuari kalifikazioa aldatzea eta eraikigarria izatea eskatu dute, baina udaleko gobernu taldeak ikuspegi ezberdina du, «daukan kokapenarengatik, gizarte edo kultur arloko ekimen garrantzitsua egiten ahal delako. Bi urteko lanaren ondotik proposamen bideragarria dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun