«Inaugurazioak egitea da errazena, baina horrek mantenua eskatzen du»

Aitor AROTZENA 2006ko uzt. 18a, 13:10
Florentino GOÑI Baztango Herrilan eta Industria zinegotzia Aitor AROTZENA

• Baztango Herrilan eta Industria zinegotzia da Florentino Goñi, EAko zinegotzia. Oronoz-Mugairiko alkatea izan da hameka urtez. 2001-2004 Azpiegitura Planean hainbat lan egin dira Baztanen. Balorazio positiboa egin du, baina 2005-2008 Planean hainbat lan

UPNko gobernuak errentagarritasun politikorik handiena duen lekuetan egiten ditu inbertsioak, hori garbi!

2001-2004 Azpiegitura Planeko lanak akitu berriak dituzue. Zer balorazio egiten duzu?

Bi zatitan egin da. Lehendabizikoa, Elizondoko zeharbidea izan zen. 2.170.000 euro gosta zen eta Mariezkurrenak egin zuen. Bigarren zatia Navasfalt-ek hartu zuen, 5 milioi euroko aurrekontuarekin. Hemen uren saneamendua, zolaberritzea, argia, gasa eta karrikak moldatzea sartu da. Aniz, Iruritako Apote auzoa, Elizondo ekialdea, Elbete, Erratzu eta azkenekoa, Amaiur, ekainaren 27an akitu dena. Ez dugu desfase haundirik izan adjudikatutako preziotik azkenean ordaindu denera, %10 horretan sartu gara. Eskertzekoa da alkate-juradoek egin duten lana. Balorazioa hagitz positiboa da.

Planetik kanpo ere zenbait lan egin behar izan dituzue…

Baztanek bide kilometro aunitz ditu, Nafarroako gehiena, baina biztanleetan ez gara lehenbizikoak eta subentzioak bizilagunen arabera ailegatzen dira. Gainera, UPNko gobernuak errentagarritasun politikorik handiena duen lekuetan egiten ditu inbertsioak, hori garbi erran beharra dugu. Halere, berriki brea eman dugu toki auniztan. 300.000 euroko inbertsioa egin dugu horretan. 178 argi-farola ere jarri dira herri ezberdinetan. Bideak eta argiak egin ditugula aipatzearekin, bakarren batek erranen du, “eta niri noiz tokatzen zait?”. Pixkanaka aitzinerat eginen dugu, nahiz eta denetara ailegatzea posible ez den. Errazena eta politena inaugurazioa izaten da, zinta moztea, baina hori ez da dena. Azaroak biharamonean hasten dira, mantenimenduak eskatzen baitu lanik handiena.

Orai hurrengo Planera begira, zein egitasmo dituzue?

Baztanek aldaketa handia egin du duela urte batzuetatik honat. Elizondok buelta handia eman du, ez bakarrik zeharbidea. Hurrengo plan honetan falta diren herrian sartu ditugu. Arizkun, Arraioz, Oronoz-Mugairi eta Almandoz sartuko dira, 3 milioi euro hurbileko aurrekontuarekin. Nafarroako Gobernuan eta Balleko Udalean onartuak daude, lehiaketara atera nahi dugu proiektua eta lan batzuk aurten hasiko dira. Elizondoko plaza ere moldatu behar da. Lekaroz eta Gartzaingo frontoiak sartu ditugu; Arizkungo frontoia ekainaren 16an inauguratu zen… Gauza aunitz eta garrantzitsuak egiten ari gara. Egia da kontribuzioa aunitz igan zela, baina duela hamar urtetik ukitu gabea zegoen, horregatik urtez urte egin balitz baino gehiago somatu da igoera.

Baztanen industria azkartzeko egitasmo berezirik baduzue?

Gure betiko asmoa izan da industria jartzea Baztanen, baina ez da erraza. 35.000 metro koadroko lur-eremu aproposa harpatu genuen Oharrizen, Baimenak lortzeko buelta aunitz eman ditugu, baina momentu honetan aitzinera goazi eta hurrengo legealdirako dena prest utzi nahi dugu. Industrialdean ez ditugu almazenak nahi, lanpostuak sortuko dituzten lantegi ttiki-ertainak baizik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun