Baztandarren Biltzarra aste hondar honetan ospatuko da

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 13a, 19:46

ttipi-ttapa Uztailaren 15ean eta 16an ospatuko da aurtengo Baztandarren Biltzarra. Larunbatean, 19:00etan, «Impresentables» txaranga ibiliko da Elizondoko karriketan barna. 20:00etan Debako Gure-Kai dantza taldea karrikaz karrika ibiliko da, Txokototik abiatuta. Ekitaldi honek Baztango Udalaren laguntza du. Gauerdiko 0:30ean hasita, Laiotz taldearekin dantzaldia izanen da plazan. Halere, egun handia igandekoa izanen da. 10:00etan artisauen erakusketaren irekiera eginen da Santxotenaren parean. 11:30ean orga apainduen desfilea abiatuko da. Aurten, antolatzaileek ordu erdi aitzindu dute desfilearen irteera, partehartzaileek eta ikusleek bazkarira tenorez ailegatu ahal izateko. 13:45ean mutildantzak izanen dira plazan eta 14:30ean herri bazkaria izanen da Merkatuzelaian. Bazkalondoan bertsolariak, muxikoak, Jaione Olazabal eta Oskar Estanga kantariak, zozketa, Trikidantz musika taldea eta bertze emanaldiak izanen dira. 15:00etan haurrendako puzgarriak izanen dira luzeko pilota plazan eta 20:00etan Laiotz taldea arituko da plazan. Aste osoan, kartel lehiaketan parte hartu duten lanen erakusketa ikusgai izanen da Arizkunenea Kultur Etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun