Eskualdeko pilotariren bat izanen da eskuz binakako finalean

Aitor AROTZENA 2006ko mai. 12a, 19:02

Gure inguruko pilotariren bat ikusiko dugu aurten eskuz binakako finalean eta hiru ere izaten ahal dira. Izan ere, finalerdi batean, Aimar Olaizola goizuetarra eta Zearra, Asier Olaizola goizuetarraren eta Oronoz-Mugairiko Iñaki Otxandorenaren kontra ari dira. Olaizola anaietako bat seguru izanen da azken partidan. Asierrek irabaziko balu, Iñaki Otxandorenarekin bikote egiten duenez, eskualdeko bi pilotari izanen lirateke finalean, eta Aimarrek irabaziko balu bat. Bertze finalerdian, Irujo eta Eulateren kontra aritzekoak dira Oinatz Bengoetxea leitzarra eta Patxi Ruiz. Bengoetxea VI.a eta Ruiz nagusituko balira, eskualdeko bertze pilotari bat ere izanen da final handian. Hori guzia, heldu diren asteetako partidetan erabakiko da. Orain arte, Olaizola I eta Otxandorena dira partida guziak irabazi dituzten bakarrak. Olaizola II-Zearrak eta Irujo-Eulatek hasierako ligaxkako partida bakarra galdu dute eta Bengoetxea VI eta Ruizek, final laurdenetan hirugarren partida jokatu behar izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun