Paxaka txapelketaren finala martxoaren 11n jokatuko da

Aitor AROTZENA 2006ko mai. 12a, 19:01
Zazpigarren paxaka txapelketako txapelak Iruritan geldituko dira aurten, finalerdietan arituko diren lau hirukoteak herrikoak baitira. TTIPI TTAPA

Finalerdiak ere Iruritako Aranabia pilotalekuan jokatuko dira hilaren 4an

Laxoa elkarteak zazpigarren urtez antolatutako paxaka txapelketaren txapelak Iruritan geldituko dira aurten. Izan ere, martxoaren 4an finalerdiak Iruritako Aranabia pilotalekuan jokatuko dituzten lau hirukoteak herrikoak dira. Jakina denez, hasierako ligaxkan bederatzi talde aurkeztu ziren: 5 Iruritakoak eta Doneztebe, Oitz, Hondarribia eta Lapurdiko Ipar Izar taldeko bana. Hasierako ligaxka horretan Iruritakoen nagusitasuna nabarmena izan da, bortz lehendabiziko postuak beraientzat izan baitira. Urrutia anaiek eta Elizaintzinek partida guziak irabazi dituzte eta bitan bakarrik ailegatu dira arerioak 6 jokoetara. Beraz, 22 puntu pilatu dituzte. Puntu kopuru bera lortu dute Urtasun, Ballarena eta Etxenikek. Arestian aipatutako hirukote horren kontra galdu egin zuten, baina gainerako partida guziak irabazi zituzten, kontrarioak sei joku baino guttiagorekin utziz.

Hirugarrenak Alfaro, Etxandi eta Bidegain izan dira, 17 punturekin, sei partida irabazi (bakarrean egin zuten kontrarioek sei joku) eta bi galduta (bietan sei jokuetara ailegatu gabe). Laugarren postua, Zabaleta, Santxotena eta Riparentzat izan da, 5 partida irabazi (lautan kontrarioak sei joku baino guttiagorekin utzita) eta 3 galduta. Hauek, gibeleratuta utzia zuten partidaren faltan bosgarren zeuden eta nahitaez sei joku baino guttiagoan utzi behar zuten Oizko hirukotea. Azkenean 9-5 irabazi zuten eta honela, laugarren postua eskuratzeko behar zituzten hiru puntuak lortu zituzten.

Beraz, lau hirukote hauek jokatuko dituzte finalerdiak martxoaren 4an. 17:00etan Urrutia anaiak eta Elizaintzin; Zabaleta, Santxotena eta Riparen kontra arituko dira eta ondotik, Urtasun, Ballarena eta Etxenike; Alfaro, Etxandi eta Bidegainen kontra. Irabazleek finala jokatuko dute martxoaren 11n, leku berean.

Lapurdiko eta Hondarribiako hirukoteak

Hasierako ligaxkako sailkapenarekin segituz, aipatu dugun bezala bosgarren postua Iruritako Etxenike, Etxenike eta IƱarrearentzat izan zen. 13 punturekin, 4 partida irabazi eta 4 galdu ondotik. Seigarren postua, Lapurdiko Ipar Izar taldeko Mendiboure, Idoate eta Jauregiberrirentzat izan da, 10 punturekin. Lapurtarrek itxura polita eman dute eta hiru partida irabaztea lortu dute.

Zazpigarren postua Doneztebeko Erkizia, Juanena eta Oiartzabalentzat izan da, 6 punturekin, bi partida irabazita. Zortzigarren postua Oizko San Miguel, Mindegia eta Mindegiarentzat izan da, partida bakarra irabazita hiru puntu eskuratu baitituzte eta bederatzigarren postua Hondarribiako Festa, Huarte eta Salaberriarentzat izan da puntu bakarrarekin. Hauek partida guziak galdu arren, batean sei joku egitea lortu zuten. Dena den, kontuan hartu behar da lehenbiziko partehartzea zutela gipuzkoarrek. Gainera, normalki partidak Iruritan jokatzen badira ere, aurten lehen aldiz, Hondarribiako plazan jokatu da paxaka txapelketako jardunaldi bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun