Uztailaren 15 eta 16an ospatuko da aurten Baztandarren Biltzarra. Gogoratuko duzuen moduan, Baztandarren Biltzarra elkarteak dei egin zuen urtarrilaren hondarrean, baztandarrek bere bestarekiko duten konpromisoa neurtzeko. Lankidetzaren gabeziak handiak badira ere, plazan jartzen den karpa-ostaturako lan sistema bat planteatzen zen elkartearen oharrean. Otsailaren 17an, Baztandarren Biltzarra Elkartearen batzordea elkartu zen Elizondon. Herrien erantzuna modu baikorrean baloratu zuen elkarteak, hamabortzetik hamalau eta Elizondon talde ezberdinak lanerako prest agertu baitira. Hori horrela izanik, baztandarren Biltzarra 06 ospatzea erabaki zen, uztailaren 15 eta 16an hain zuzen. Talde aunitzek bere kezka ere agertu zuten, beraien txanda desfilearekin batera izaten ahal ote zen. Horrela izatekotan, ezin izanen zuten desfilean parte hartu. Hori horrela izan ez dadin lanean ari da Baztandarren Biltzarra, txanda hori karroza egiten ez duten taldeekin osatu ahal izateko aukera aztertuz, beti ere talde horiek ados baldin badaude. Edozein gisara, karpa-ostatua eta txanden zozketaren gaia aitzinerago landuko dituzte.
Hurrengo bilera
Afera honen konponketa bide onetik badaie ere, hemendik aitzinera laguntza falta duten bertze lan batzuk indatzeko eginahalak eginen ditu Baztandarren Biltzarra elkarteak. Modu berean, bertze helburu bat batzordea bera indartzea izanen da. Guzti honetarako, martxoaren 11n, larunbatean, 19:00etan bilera irekia eginen dute gai hauek jorratzeko.
Bertze aldetik, besta iragartzeko kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea ireki da martxoaren 22a arte