Konponbide demokratikoa orain!

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 18a, 12:37

Baztan, Bortziriak eta Malerrekako Batasuna.

Urdazubin zartatu den lehergailuak Euskal Herria eta bere eskubideak zapaltzen dituzten bi Estatuen arteko gatazka politikoen ondorio gordinen aurrean jarri gaitu berriro ere Baztan, Urdazubi, Zugarramurdi, Malerrekan eta Bortzirietan. Euskal Herria eta Estatuen arteko gatazka politiko honen kolpeak gogorrak eta askotarikoak jasaten ari gara azkenaldian gurean. Kottoren erailketa, Euskal preso politiko guztien eskubideen urraketa, torturaren erabilpena, Batasunaren ilegalizazioa eta apartheid politikaren ondorioak, herri gisa eta euskal herritar gisa ditugun eskubideen ukazioa, ekintza armatuak eragin dituzten kalteakā€¦

Egunero bizi dugun errealitatearen gordintasunak gatazka politiko honi konponbidea emanen dion prozesu demokratiko baten premi larria erakusten digu. Momentu honetan beharrezkoak diren baldintza guztiak ematen dira konponbide demokratikorako prozesu hau abian jartzeko. Bi Estatuen aldetik eta baita ere Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politiko guztien aldetik borondate adierazpen hutsaletatik konpromezu tinkoak hartzerainoko bidea egin behar da.

Hauxe da 2004ko azaroaren 14an Anoetan Batasunak hartu zuen konpromisoa eta egunez egun gauzatzen ari den konpromisoa. Ez dira aitzaki merkeetarako garaiak, ez dira ardurak bizkarraren gainetik kentzeko garaiak, ez dira alderdi bakoitzaren interesak lehenesteko garaiak. Bakoitzak bere konpromisoari heltzeko garaiak dira. Hauxe da Batasunaren konpromisoa eta gainontzeko alderdi politiko guztiei luzatzen diegun deia. Herritarrak ere asko daukagu errateko eta egiteko konponbide demokratikoaren alde. Orain Herria, Orain Bakea, irabazi ditzagun!! Mugi gaitezen!!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun