«Kolpe handirik ez dudanez, aitzinean tantoa abudo akitzea gustatzen zait»

Aitor AROTZENA 2006ko mai. 4a, 16:31
Xabier ALTZUGARAI Almandozko pilotari profesional berria Juani MENDIBURU

Xabier ALTZUGARAI Almandozko pilotari profesional berria

• Xabier Altzugarai Pierola aurrelari almandoztarrak profesionaletan debuta eginen du Lesakan apirilaren 1ean Garfe enpresaren eskutik. Zezeagarekin bikote eginez, Berraondo eta Almandoz lesakarraren kontra arituko da. • 22 urte egin ditu otsailean eta urte batzuetako eskarmentua badu afizionatu mailan. Sei urte zituela hasi zen pilotan Txarutarekin eta duela urte batzuk Errekara pasatu zen. • Elizondoko Laboralean mekanizatua eta administrari ikasketak eginak ditu.

Xabier Altzugarai, Almandozko Jauregian sortutako aurrelaria kontent dago, apirilaren 1ean debutatuko baitu profesionaletan Lesakan, GARFE enpresarekin eskutik. Zezeaga pilotari historikoa gibelean duela, Berraondo eta Jexux Mari Almandoz lesakarraren kontra arituko da: «Hasteko, partida zaila!» dio. Profesionaletan hasi baino lehen, afizionatuetan egin duen ibilbidea errepasatzeko eskatudiogu almandoztarrari: «Zizurren duela hiru urte lau terdiko txapelketa irabazi nuen; duela bi urte Nafarroako Federazioak selekzionatu eta Kubako Olinpiadetara gan ginen eta irabazi genuen binaka eta azken urteetan Uharten lau terdian finalerdietara ailegatu izan naiz; gan den urtean Zarautzen azpitxapeldun izan ginen». Bistan denez, binaka eta lau terdian aritzeko dohaiak ditu Altzugaraiek, baina buruz buru kantxa osoan guttitan aritutakoa da. «Gustoena eta eskutik guttien sufritzen dudana binaka da. Lau terdian ere dexente poliki moldatzen naiz, baina hobe binaka». Profesionaletako bidean sarturik, ez du Xabierrek bere burua sobera estutu nahi: «Momentuz hortxe egon nahi dut, Garfen pilotari nahiko onak badaude beraiekin ikasteko eta egiten gateko asmoarekin». Udan, gainera, Aspekoekin batera ere aritzen dira jaialdi batzuetan.

«Pierolaren iloba naiz, baina pilota aunitz aldatu da ordutik» Pilotarako bere ezaugarri nagusiak zein diren galdetuz gero, honela erantzun digu aurrelari almandoztarrak: «Kolpe handirik ez dut, baina sake nahiko polita dut eta aitzinean errematatzea gustatzen zait, gantxoa… Gibelera emateko kolperik ez dudanez, aitzinean tantoa lehenbailehen akitzea gustatzen zait». Gaur egun profesionaletan dauden aurrelarietan Irujo, Aimar eta batez ere Titin gustatzen zaizkio. 1978-79ko binakako txapelketan, Antton Maiz aranztarrarekin batera txapeldun izan zen Elias Pierolaren iloba da Xabier Altzugarai, baina gaztea ez da konparazioen beldur: «Momentuz ez da inor konparatzen hasi. Behin ikusi nuen bere bideo bat eta bi paretak efektoarekin arras ongi egiten zituen. Nik ez dut bera bezalako jokoa egiten, nik gantxo eta boleak nahiago ditut. Pilota bera ere aunitz aldatu da: orduan motelagoa zen eta orai fuerteagoa izaten da, arras diferentea». Halere, aholku batzuk ematen dizkio osabak eta bere partidak ikustera joaten da tarteka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun