Alduderako errepidea ez egitea erabaki du Junta Generalak

ttipi-ttapa 2006ko api. 25a, 18:18

Hamalau juntakide kontra eta hamar alde agertu ziren

Baztan eta Aldude lotuko lituzkeen errepidea ez egitea erabaki zuen Junta Generalak, martxoaren 27an egindako ez ohiko batzarrean. Bailei eta Belaun lepoetatik pasatuko litzatekeen bideari buruzko iritzia eman behar zuten juntakideek eta 14 proiektuaren kontra azaldu ziren eta 10 alde, abstentzio batekin.

Jakina denez, duela hiru urte ezagutzera eman zen Baztan eta Aldude arteko errepidearen proiektua. 550.000 euroko aurrekontua zuen eta %90a Europako Interreg programatik eta Nafarroako Gobernutik ordainduko litzateke eta gainerakoa Udaletik. Hasieratik proiektu honen aurkako iritziak izan ziren eta Belaunaldea Bizirik Herri Plataforma ere sortu zen.

Gan den martxoaren 10ean egindako bilera batean, Interreg-eko ordezkariek proiektua egin behar zuten edo ez erabakitzeko eskatu zioten Udalari. Teknikariek, Udalak hasiera batean onartutako trazatua, Iruritabarrengo Bordatik pasatzen zena, baztertu zuten. Honela, aukera bakarra Bailei eta Belaun aldetik pasatzen zena zen, hasieratik Herrilan Departamentuaren babesa zuena. Baina hasieran aipatu bezala, Junta Generalak baztertu zuen, ingurumenean duen eraginarengatik eta udalarentzat mantenimendu gastu handiak ekarriko dituelakoan.

Udal aurrekontuan 620.000 euro bideratuak zeuden proiektu honetarako. Orain diru hori bertze proiektuetan inbertituko dela jakinarazi du EAko Iñigo Iturraldek. UPNren ustez, aldiz, «honek EAren planifikazio eza erakusten du berriz ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun