Ezkurrako Beraitz mendian dagoen Artzantzuloko leizeko ikerketa lanak aurrera segitzen du. Joan den urteko uztailean, Bautista Mariezkurrena eta Jaime Gastearena herritarrek historiaurreko giza hezurrak aurkitu zituzten barrenean. Hainbat ate jo ondotik, Brontze Arokoak zirela ondorioztatu zuten eta aurkikuntza horien garrantzia kontuan hartuta, EHUko Antropologia Saileko adituek ikerketa sakonagoa egitea proposatu zioten Ezkurrako Udalari. Ba, esan eta egin. Duela aste pare bat hasi zituzten lanak, eta hala, «Ezkurrako herritarrentzat hain berezia den leku horren balioa nabarmentzeko proiektuan beste pauso bat» eman nahi dute. EHUko lantaldeaz gain, IPHES-CERCA (Tarragona) zentrokoak ere ari dira lanean.
Kobazuloaren jatorria, antzinatasuna eta izan duen garrantzia ezagutu nahi dituzte. Udalaren hitzetan, «proiektu honek gure ondare historikoaren eta kulturalaren zati bat ezagutzeko, hura babesteko eta zaintzeko aukera eskaintzen digu, gure historiak gordetzen duena deskubritzen segitzeko».
Diru ekarpenak
Nafarroako Gobernuak kultur interesekotzat joa du Artzantzuloko leizea ikertzen segitzeko proiektua. MEKNA ziurtagiria aitortuta, horri esker, partikularrek egindako donazioek % 80ko kenkaria dute errenta aitorpenean (lehenbiziko 250 euroetan). Diru ekarpenak abenduaren 31ra arte bilduko dituzte eta nahi duenak udalaren kontu zenbakian egiten ahal du (ES94 3008 0050 3841 6713 2820).