Ongi iltzatua gelditua du lehenbiziko lasterketa: «VII. Malerrekako Rallyan izan zen, eta ederki oroitzen dut zer ilusio egin zidan etxe ataritik pasatzen zen rallyan parte hartzeak. Oso esperientzia polita izan zen». Geroztik «sei lasterketetan» ibili da, «beti kopilotu, beti Mikel Madinabeitia pilotuarekin, eta beti Honda Civic Type R autoan». Anekdota gisa, kontatu du, «behin, presaka, kaskoak aldrebes» paratu zituztela: «Nik pilotuarena paratu nuen eta pilotuak nirea».
Kopilotu bai, pilotu ez
Pilotuaren kaskoa soinean bai, baina ez haren jarlekuan. «Oso eroso sentitzen naiz kopilotu. Gidatzea gustatzen zait, baina ez dut neure burua pilotu ikusten». Postu bat edo bertzea izan, «alde handia» dagoela iruditzen zaio: «Pilotuak etengabe gidatu eta erabakiak hartu behar ditu; kopilotuak, berriz, oharrak zehaztasunez transmititu, lasai egon eta pilotuak momenturo behar duen informazioa zehatz-mehatz eman behar du». Horren harira, «kopilotu onak antolatua izan eta kontzentratua egon» behar duela gaineratu du, «eta batez ere, lasai egoten jakin behar du. Batzuetan, pilotuaren psikologoa izatea ere tokatzen zaigu». Pilotu on batek, berriz, «erabakiak agudo hartzen jakin» behar duela dio, «presiopean lasai egon eta kopilotuarekin komunikazio ona izan». Denaren gainetik, halere, «bien artean konfiantza eta talde lana dira garrantzitsuenak» beretako.
«Pilotuaren eta kopilotuaren artean konfiantza eta talde lana dira garrantzitsuenak»
Baina ez da hori dena. Badira bertzelako aldeak ere: «Pilotuen mundua oraindik gizonezkoena da. Kopilotuen artean emakumeen presentzia handiagoa da, gero eta gehiago gara eta gero eta gehiago baloratzen gaituzte, baina nahiko arraroa da emakume pilotuak ikustea». Berak ez omen du inoiz oztoporik izan, baina bada non eragin Esandiaren arabera: «Emakumeek mundu honetan duten presentzia ikusaraztea beharrezkoa da. Rallyetan gizonek zein emakumeek aukera berberak dituzte lehiatzeko, baina sozialki, oraindik, normalizazio prozesuan gaude».
Prestaketak eta arriskua
Probak prestatzen «aste bat lehenagotik» hasteko ohitura du: «Pilotuaren oharrak hartzen ditut, eta dena ongi eta argi dagoen ziurtatu». Horrez gain, «araudia leitu, ordutegiak eta ibilbidea prestatu» eta «lotura tarteetan zenbat denbora dudan begiratzen dut. Azken batean, ahalik eta gauza gehien prest izaten saiatzen naiz, lasterketa egunean urduritasun handia izaten baita».
Horrez gain, arriskua aipatu du: «Gauzak diren bezala, kirol arriskutsua da. Autoak oso prestatuak izaten diren eta gu ere behar duguna soinean joaten garen arren, beti dago arrisku puntu bat». Eta izan ditu ezusteko bat edo bertze: «Duela bi lasterketa, Goilurrak Rally-an, bidetik atera eta arbola batzuen kontra joan ginen. Azken lasterketan, berriz, Lesakan, nahiko kolpe handia hartu eta autoa irauli zitzaigun».
Gainerakoan, kirol garestia dela jakitun da, eta «eragozpenik handiena» hori dela dio. Horren harira, «babesle izan nahi duen enpresaren bat baldin bada, ekarpen ttiki bat bada ere, ongietorria izanen dela» errateko probestu du.
Gustuko tokian maldarik ez
Kontuak kontu, berak autoen munduan segitu nahi du. «Lagunek maitasunez eta bromatan, erotua nagoela» erraten diotela esplikatu du. Eta etxean, «ez da deus berezirik izan rallyetan hasi naizelako, badakitelako nolakoa naizen eta edozein planetan apuntatzen naizela». Baina gogoan du amak errandakoa: 'Ainara, egiatan, zentratuagoa egon beharrean, egunetik egunera gero eta eroagoa zara'».
Berak, ordea, prestatzen segitzen du: «Orain arte ez dut ikastarorik egin, baina aurten Fenauto Nafarroako Automobilismo Federazioaren rally kopilotu masterra egiten ari naiz». Ikasitakoa azaroan egitekoa den Malerrekako Rallyrako probestu nahi luke, hori baitu egutegian seinalatutako hurrengo lasterketa, baina ez du ziurtatua: «Azken lasterketan izandako kolpea konpontzen ari gara eta material guzia ez da ailegatu oraindik».
Akitzeko, autoen mundua gustuko duten emakumeei igorri die mezua: «Animatu eta probatu! Mundu interesgarria da, adrenalina handikoa, eta esperientzia ahaztezina. Eta batez ere, emakume izateagatik, ez zaitezte atzera gelditu».
Labur-labur
|
