Jo ala Jo kultur taldeak hamabosgarren urtez antolatutako Kirikoketa Besta Arizkunen ospatuko dute azaroaren 1ean. Egun osoko ekitaldiekin batera, larunbat goizeko 11:00etatik aitzinera XVIII. mendeko Gamioxarreko dolare barrokoan sagardogintza erakustaldia ere eginen da: sagar jotzea, lehen estutze edo tinkatzea, zuku dastaketa eta kupelaratzea. Lanak akitutakoan kirikoketa jotzea eginen da.
Segidan bazkari herrikoia izanen da. Ospakizunean, herri musikariak eta dantzak, erraldoiak, taloak, artisauak, Bidasoaldeko hazien sarea, kontzertuak eta bertze hainbat ekitaldi izanen dira.
23:00etan kontzertua izanen da, Kirikoketa bestaren hamabosgarren edizio hau eta Jo ala Jok antolatutako Larrazken Kulturala akitzeko. Egun handiaren aitzinetik, urriaren 30ean, ortzegun arratsaldeko 7etan sagar dastaketa ikastaroa ere eginen da Arizkungo Gamioxarrean.