Gurasoei lekukoa hartuz, azken 32 urteotan Juan Belaunzaran eta Carmen Onsalo aresoarrek egindako ogia dastatu dute Areso eta inguruko etxeetan. Gaur egun gutxik bezala, ogi berezia eskaini izan diete bezeroei, prozesu guztia eskuz eginez eta ogiak egurrezko labean errez. Orain, ordea, erretiroa hartzea erabaki dute eta horrekin batera okindegia itxita gelditu da. «Oso lan lotua» dela aitortu arren, «pena» hartu dutela adierazi digute, batez ere, Carmenek, gurasoekin okindegian ibili izan baita txikitatik.
Noiztik egon da Aresoko okindegia zabalik?
1940. urtean Esteban Onsalo eta Joakina Eraso nire gurasoek ireki zuten okindegia eta beraiek utzitakoan nire senarrak eta nik erreleboa hartu genuen. Duela 32 urte hartu genuen beraiek utzitako lana. Joan den uztailaren 31n itxi genuen, ongi merezitako erretiroa hartzeko garaia iritsi zaigulako.
Zein ezaugarri zituen zuen ogiak?
Prozesu guztia eskuz egiten genuen eta egurrezko labean erretzen genituen ogiak. Egurrezko labean erretzeak bestela baino lan handiagoa eskatzen du. Azken finean, egurra prestatu beharra dago, eta horrek egunero lana aurretik prest izatea eskatzen du. Gaur egun, uste dugu ez direla egurrezko labearekin lan egiten duten asko geldituko. Gero emaitzean, faktore askok eragiten du, eskuz egiten den prozesu bat da eta beti berdin ateratzea oso zaila da, baina batez ere eguraldiak horretan zeresan asko dauka. Baina gauza gehienetan bezala, osagai onak izatea oso garrantzitsua da.
Non banatzen zenuten ogia?
Hasiera batean Gorriti, Leitza eta Areson saltzen zen, eta azken urteetan, Leitza eta Areson bakarrik banatzen genuen. Hala ere, esan beharra dugu Gipuzkoatik ere jende asko etortzen zela ogia erostera. Astetartez bi errealdi egiten genituen eta asteburuetan, berriz, hiru errealdi.
Zaila izan da negozioa aurrera ateratzea?
Dena eginda zegoen eta azken finean, gurasoek utzitakoari eutsi besterik ez diogu egin. Egia esateko, hasi ginenetik garaiak asko aldatu dira eta ez da lan erraza izan. Baina 32 urtez lan egin badugu, ogiak harrera ona izan duela esan beharko dugu. Gaur egun, edozein tokitan eros daiteke ogia, baina zorionez, guk ez dugu gorabehera handiegirik nabaritu. Ez dugu ahaztu behar ogia oinarrizko elikagaia dugula.
Nolakoa izaten zen zuen egunerokoa?
Lanean goizean 03:00etan hasten ginen. Aurreneko gauza labea piztea izaten zen eta masa egiten hasten ginen. Masa eskuz lantzen genuen eta landutakoa harrotzen uzten genuen. Bitartean labea garbitzen genuen eta masa prest zegoenean labera sartu. Ogia labean erre bitartean, hurrengo errealdia prestatzen genuen. Ogia erreta zegoenean, labetik atera eta hurrengo errealdiarekin lanean jarraitzen genuen. Oso lana lotua zen. Goizetan okindegian lan egiten genuen eta arratsaldetan hurrengo egunean behar ziren gauzak prestatu behar izaten genituen.
Orain itxi egin duzue. Ez da erreleborik agertu?
Erretiroa hartzeko itxi dugu. Okinarena ez da beste lanak baino gogorragoa, urtean jaiegun gutxi ditugula eta lan egiteko ordutegi txarra duela, besterik ez. Baina oso lan lotua da, eta gaur egungo okindegiak bestela lan egiten dutenez, inork ez du horrelako lanik egin nahi. Itxitakoan pena handia hartu dugu, batez ere nik, txikitatik ezagutu dudalako, nire gurasoekin beti hemen lan egin baitut.
Itxi ondotik, zertan aldatu zaizue bizimodua?
Batez ere goizeko ordu horietan jaiki behar ez izateak lo egiteko ohitura aldatu digu, eta horren ondorioz, egunean zehar gauzak egiteko denbora gehiago dugu.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!