Herri txikietako bizimodua erakustea helburu duen saio berri bat jarriko dute abian 3koma produktorak eta ETBk. Urko Aristik aurkeztuko duen saioak Bizirik izena eramanen du eta maiatzean hasiko dira emititzen igande gauetan. Lehenengo saiorako bi herri aukeratu dituzte eta hauetako bat izanen da Arano. Elantxoberekin batera aterako da 50 minutu iraunen duen saioan eta apirilaren 25 eta 26ean grabaketak egiteko helburuarekin izan ziren Aranon kamarak hartuta. Aranok esku zabalik hartu zuen beren bizimodua eta bertako bazterrak jasotzera zetorren koadrila eta herri gehienak parte hartu zuen gauza batean ez bazen bestean. Kontsejun eguerdian jarri zuten babarrun jatera ere lagun talde polita agertu zen eta egun guztiko grabaketaren ondoren pozik agertu ziren bai ETBkoak eta baita herrikoak ere. Aranok, bere txikitasunetik zer erakutsi handia duela garbi utzi zuen beste behin ere. Orain benetan baikorra eta poztekoa izanen litzatekeena, Nafarroan euskarazko hedabideen etorkizuna bermatzea izanen litzateke. Horrela izanda, hortik aurrerakoak jakin nahi dituenak eta gustua duenak, programa ikusi ahal izanen luke maiatzaren 13 edo 20ko igande gauean ETBn.