«Emakume eta mutil gazteak animatuko genituzke kirol honetara hurbiltzeko»

ttipi-ttapa 2009ko uztailaren 22a

Ainhoa eta Ixabel Ansa izeba-ilobak, segan gogoz ari dira. TTIPI TTAPA

• Musikari, kantari, berriemaile... Eta segalari ere bai. Ez dira segan aritzeagatik bakarrik ezagunak Aranoko Ansatarrak, baina horretan ere ederki moldatzen dira.

• Sega munduan dabiltzan emakumezkoak gutti diren arren, elkar animatuz, kirol bezala, sega aukeratu dute Ixabel eta Ainhoa izeba-ilobek.

• Azken aldian Euskal Herriko Nazioarteko Erako II. Sega Ligan ibili dira, eta egindakoarekin «gustura» gelditu dira. Gainera, Ainhoak Alemanian abuztuaren 23ko asteburuan eginen den Europako Banakako Txapelketarako txartela eskuratu du. Eta aurretik, abuztuaren 1 eta 2ko asteburuan taldekakoan ariko da.

Azti, prest, motz! Hartu sega eta bela­rra moztera! Horrela ibiltzen dira Ixabel eta Ainhoa Ansa izeba-ilobak. Eskual­dean hagitz hedatua ez dagoen kirola da, baina Ansatarrek gustukoa dute. 12-13 urterekin hasi ziren segan, eta gaur egun Euskal Herrian eta Europan txapelketaz txapelke­ta eta erakustaldiz erakustaldi ibiltzen dira Almitza Sega Elkarteare­kin. «Ni aitarekin hasi nintzen –Ainhoa­ren aitona– ontzeko eta ganaduarentzat janariak egiteko belarra mozten. Astoa eta karroarekin han ibiltzen nintzen!». Horrela oroitzen ditu Ixabelek hasierako urteak. Ainhoak ere aita –Ixabelen anaia– izan zuen erakusle: «aitaren atzetik ibiltzen nintzen, baina nire kasuan ez nuen sail haundiegirik mozten! Eguneko janariak egin, eta karretila ttiki batean bilduta etxera!».
Txapelketarako pausoa beranduago eman zuten, Almitza Elkartearen bidez. Ahizpa eta lehen­gusu baten bitartez ezagutu zuen Ainhoak elkartea. «Europako Alpeetan-edo Txapelketa bat zutela eta txalapartari moduan joan ziren ahizpa eta lehengusua haiekin, eta itzulitakoan, iratze moztera gonbidatu genituen. Gustura etorri ziren, baina emakume segalariak behar zituztela esanez joan ziren. Desafio moduan bota ziguten ea parte hartzera ausartuko ote ginen Europako hurrengo urteko taldekako txapelketan. Eta han joan ginen lauko taldea: ama, amaren ahizpa bat –izeba Mila–, ahizpa gaztee­na –Maider– eta lauak». Probatu eta gustatu. Ixabel, berriz, Ainhoak animatuta hasi zen.
Izeba-ilobak izanik, bien arteko lehiarik ote dagoen ere galdetu diegu: «Ez, ez, batere ez. Elkarren arrimuan ederki ateratzen gara», dio Ainhoak. Ixabel ere pozik: «polita da izeba-ilobak horrela ateratzea». Geroztik hamaika belar ebakiko zuten, nahiz eta Ixabelen hitzetan, «nahi eta behar baino gutxiago entrenatu». Segan aritzeko baldintza egokienen berri ere eman digu izebak: «goizeko ihintze­tan moztea onena, aitona zenak zioen bezala! Zenbat eta goizago altxatu, eguerdirako lanak bukatuta izateko errazago! Belar samurrean askoz arinago aritzen da, uztarik eta belar txarrik tartean ez badu hobe, eta zorua ere erein gabekoa bada hobe... sator pilarik ez egotea ere komeni da sega gutxiago kamusteko...». Eta sega nolakoa ote? «orain arte euskal sega erabili izan dugu», dio Ainhoak. «Baina kanpoko sege­kin saiakerak egiten ere hasiak gara».
Hagitz zabaldua ez dagoen kirola dela bistakoa da. «Sega bera, kiroletik kanpo galtzen ari da. Gero eta segalari gutxiago dago ofizioz baserrian ikasi duena», adierazi digu izebak. Ilobaren hitzetan, ordea, «kirol bezala, bere zailtasunekin baina segalariak badabiltza han eta hemengo txapelketetan». Etorkizuna hala-­honela ikusita, hona hemen Ansatarren gonbitea: «emakume eta mutil gazteak animatuko genituzke kirol honetara hurbil­tzeko! Nafarrez oso urri gabiltza eta... harrobi hori lantzea polita litzateke!».

«Sega bera, kiroletik kanpo galtzen ari da. Gero eta segalari gutxiago dago ofizioz baserrian ikasi duena»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun