Esklerosi Lateral Amiotrofikoa (ELA) eritasuna. Beharbada aunitzentzat ezezaguna zen duela hilabete pare bat arte arte. Orain, eritasuna ezagutarazteko eta ikerkuntzara bideratzeko dirua biltzeko helburuarekin mundu osoan egiten ari den Ice Bucket Challenge kanpainari esker hitzetik hortzera dabilen eritasuna da. Hain zuzen, hormatutako uraz betetako baldeak burutik beheiti botatzen ari dira famatuak eta hain famatuak ez direnak, kate moduan, batak bertzeari txanda emanez. Gure ingurura ere ailegatu da kanpaina. Irailaren 20an, larunbat eguerdian Amaiurko errebesten barrenean Amaiurko sokatira taldekoak busti dira, duela bi urte eritasun honekin hildako Joxe Jabier Sarratea taldekidea gogoan. Ikusi Isabel Alemanen argazkiak
Amaiurko plazan garai batean aruitu ziren eta orain sokatiran ari diren mutil eta neskak bildu dituzte. Hortaz, behin ez ezik, hirutan ere busti dira kirolariak. Mieljo Ariztia, sokatira taldeko entrenatzaileak aipatu digunez, «lehengo eta oraingo sokatira taldeko partaideak bildu ditugu plazan». Nolabait, Joxe Jabier Sarratea taldekidearekin zuten zorra kitatu nahi dute eta Uhartetik jasotako gonbiteari erantzun. Ariztiak Sarratearekin tiratu zuen lau bat urtez, eta Euskal Herriko txapeldun elkarrekin izan zirela ere gogoan du. Hura eritu arte, ez omen zuen ELA eritasunaren berririk, baina Ariztiak aipatu digunez, «bereziki gogorra izan zen Jabierrek eritasun hori zuela jakitea eta ondotik jasan zuen prozesua».
Amaiurko sokatira taldeak ere bertze hiru talde, erakunde edo pertsonari pasatu die elkartasunaren lekukoa: BRT-Menditarrak, Baztan eta Ultzamako rugby taldea, Baztango Batzar Orokorra eta Elizondoko Abesbatza.