«Gure politikari nagusiak dira CANen gertatu denaren arduradun nagusiak»

G.PIKABEA 2013ko uzt. 11a, 09:52

Patxi Urrutia amaiurtarra burubelarri dabil Kontuz elkartean lanean, CANen gertatutakoa ikertzen. Ttipi ttapa

Kontuz elkarteak urteak daramatza ustelkeriaren kontra Nafarroan lanean, eta azken aldian, Nafarroako Kutxarekin gertatutakoa ikertzen ari da burubelarri. Bi urtez CANetik mila milioi euro desagertu direla jakinarazi du eta egindako lanaren ondorioz, kutxaren desagerpenaren hainbat kontu agerian gelditu dira. Dieten auzian, Miguel Sanz Gobernuko presidente ohia, Enrique Maia Iruñeko alkatea, Alvaro Miranda kontseilari ohia eta Enrique Goñi CANeko zuzendari ohia inputatuak daude eta Yolanda Barcina presidentea hurrengoa izan daiteke.

Nolatan hasi zineten Nafarroako Kutxarekin gertatu dena ikertzen?

Nafarroako altxorrik preziatuena desagertzera zihoala ikusita, eta hor gibeletik saltsa haundiak egonen zirela pentsatuz, burubelarri gaia ikertzen hasi ginen. Nafarroako zerbait garrantzitsua baldin bazuen, hori Nafarroako Kutxa zen eta bizitza sozial eta ekonomikoan garrantzi haundia zeukan. Hori desagertzeak Nafarroa osoa pobretu egiten zuela iruditzen zitzaigun eta horrelako gauzak gertatu eta isilpean horrekin aitzinera egitea ikaragarrizko lotsagarrikeria iruditzen zitzaigun. Eta hori da gaurko egunean dugun egoera: zenbait inputatu eta Nafarroako herriak gertatu denaren informazio nahiko polita badu eta uste dugu lan txukuna egiten ari garela. Pozik gaude egindako ibilbidearekin.

Zer gertatu da CANen?

Nafarroako Kutxaren auziak adar aunitz ditu baina bere desagerpenean hiru lagun dira erantzuki­zun haundia dutenak: Nafarroako Kutxa­ko presidentea, kudeatzaile nagusia eta kontrol taldeko burua, hau da, Enrique Goñi, Miguel Sanz eta Yolanda Barcina. Gure politikari nagusiak dira­ ger­tatu denaren ardu­ra­dun nagu­siak. Dietak ko­bra­tzen hasi­ ziren deuse­zen truke eta nolabaiteko­ forma eman diote Ba­tzor­de Iraun­ko­rra delakoa sortuta. Egun berdinean hiru bilera egiten ahal zituzten eta hiruretan ez zuten deus erabakitzen baina hiru dieta kobratzen zituzten. Mila milioi euro desagertu dira bi urtez eta kopuru­ horre­ta­tik dietetan joan dena ez da aunitz, baina jendearen ai­tzinean argi gelditu da nola jokatu duten. Auni­tzez ere diru ge­hia­go­­ su­posatu duten ber­tze­­ gertakizunak badi­ra eta horiek iker­tzen hasi berriak edo hastekoak gara. Nafarroakoan, esta­tuko bertze kutxe­tan ez bezala, Nafarroako Gobernuak zuen kontrol lana egiteko­ obligazioa, Foruak direla­ eta, baina ez zuten ia inoiz hori bete.

Nora joan dira mila milioi euroak?

Ikusiko dugu, gauza arraroak daude. Baldin­tza berezietan egindako maileguak daude. Diario de Na­varrari egindako 16 milioi euroko mailegu bat dago legezkan­po­koa izan daitekeena. Kontabi­li­ta­te­tik 200 milioi euro ere desagertu­ dira, 2009­an CAN­en Hiscan Patrimonioaren ondarea 500 milioi eurotik gorakoa zen eta 2010­ean 200 milioi guttia­go zi­­ren. Badi­ra hainbat inber­tsio ere eginak, gale­ra haundiak izan dituztenak, eta batzuetan CAN­eko ardu­ra­du­nak­­­­ di­ra enpresa horien bu­­ru. Antonio Catalan hote­len burua ere tartean­ dago­ mai­le­gu arra­roe­kin. Aza­­la baka­rrik ukitu dugu eta zenbait gauza jakin ditugu. Baina epaileak oraindik animaleko lana egin behar du.

Orain arte egin duzuen lanaren balorazioa...

Orain dela urte bat Nafarroako gizarteari gertatu zena ikertuko genuela erran genion, jendaurrean paratuko genuela hor gertatutakoa. Uste dut lan hau nahiko poliki egin dugula, nahiz eta oraindik aunitz gelditzen den. Hori lehenengo puntua izanen litzateke. Hortaz aparte, orain justizia eskatu nahi dugu. Arduradunak agertzen ari dira eta ardurak hartu eta arduradunek egindako kaltea ordaindu beharko dute. Oraingoz inputatutakoak hor daude. Horiek dira arduradun nagusiak, baina ez bakarrak. Badira bertze zenbait ere argi eta garbi ardura haundiak izan dituztenak lan honetan denean.

Maria Paz Benito epaileak Barcina inpu­ta­tu ala ez erabakitzeko eskaera Espainiako Auzitegi Gorenari bidali­ dio, bera foruduna delako...

Dieten inguruan, Barcina bakarrik gelditzen da inputatzeko. Epai­leak inpu­tatu gisa dekla­r­a­tzeko zan­­tzuak ikusi ditu baina foruduna izanda­ ezin dio hemen galde­ke­­ta­rik egin eta Madrilera­ pasatu du. Lotsa­ga­rria da Na­­farroa­ko presidenteak, bera hain nafarra izaki, Nafarroan egindako deli­turen bat baldin bada­go eta hori pai­ra­tu du­tenak nafarrak izan­da, gaia Ma­dri­lera era­man­ nahi izatea. Hemen egin behar­ko­­­ lioke aurre justi­ziari, edozein nafarrek bezala, pribilegiorik gabe. Norbaitek injustiziaren bat pairatu baldin badu, hori Nafarroako herria delako.

Auzia Nafarroan iker­tzen segituko dute?

Nafarroan ere badira zenbait gauza iker­­tzeko. Dieten auzian, gure lehentasuna Ba­tzor­de Irau­nko­rre­ko bileretan aktak egiten ziren ala ez jakitea da. Diru­dienez, ez ziren egin eta ge­roz­tik akta batzuk anto­latu dituzte epailea­ren­ga­na erama­teko, baina fal­tsuak dira ez direla­ko momentuan eginak. Guar­­­dia­ Zibila iker­tzen ari da, baina nonbait oztopo aunitz ditu horrelako ikerketa bat egiteko, aspaldi hasiak direlako eta oraindik ez dutelako azkeneko hitza erran. Hori jakitea garrantzi­tsua da aktek Sanz eta Bar­cinaren sina­durak baitituzte eta horrek adierazi­ko luke Nafarroako arduradun nagu­siek akta­ fal­tsuak sinatu dituztela. Enpresei egindako maileguak ere ikertu behar dira­.

Haserrea nabari da Nafarroan. Horren lekuko azken manifestazioa. Kontuz elkartetik zein da egiten duzuen balorazioa?

Arras balorazio ona egiten dugu. Gu ere harritu ginen bildu zen jendetzarekin. Gure bitartekoak ere eskasak dira baina Nafarroako herriak arras ongi erantzun zuen. Gainera, jende aunitz eta jende anitza, mota guztietatkoa, ideologia desberdinekoa. Egun hartan argi uzten saiatu gi­nen ara­zoa ez dela epaiketaren ondorioz zer ger­ta­­tuko den. Kontua da dirua desager­tu dela eta ho­­­­rrekin bakarrik Barci­nak dimi­sioa­ aur­keztu beharko luke, are gehiago arrazoia dugula erakutsi digularik diru hori atzera itzuli baitu. Epaileak­ edozein gauza erranda ere, po­liti­ko­ki dimititu beharko luke institu­zioak­ garbiak direla erakutsiz.

Barcinaren diminsioa eskatu zuten milaka lagunek. Baina etorriko da?

Gauza guztiek aitzinera egiten dute, denbora behar izaten dute. Barcinak ere dimisioa aurkeztu beharko du, ezin delako mantendu orain dagoen egoeran. Beren lehendakaria garbitzeko eta lehendakariaren harrotasuna babesteko lanean bakarrik ari den gobernu bat dugu orain eta guk ez dugu hori behar, Nafarroa kudeatzeko gobernua behar dugu eta berandu edo laster, baina horri konponbide bat eman behar zaio.

Deigarria da Barcinak Gil y Gil Marbellako alkate zenarekin eta Berlusconi Italiako gobernuburu ohiaren abokatu bera hartu izana...

Bai. UPNk gaurko egunean duen arazo haundiena Barcina bera dela uste dut. Horrelako gauza batekin bere argazkirik itsusiena ere argi eta garbi azaleratzen du. Bertz aldetik, dirua pilaka baduela ere ikusten da horrelako pertsonaia bat bere kontu hartzeko. Burua galdu duen pertsona baten antza somatzen zaio.

Egiazki zer gertatu den jakinen dugu?

Diru guztia nola galdu den ez, baina zer gertatu den jakitea lortuko dugu. Gizarteak gure salaketa uler­tu du eta hori da gure­ lorpenik haun­diena. Horren ondorioz aldaketak etorriko dira. Guk eginda­ko asta­keriak iker­tzen segituko du­gu eta informazio ge­hia­go izanen dugu eta gizarteari eskainiko diogu. Gero badago bertze gauza bat ere. Zenbaitzuek erraten digute horiek ez ditugula kartzelara eramanen. Hori ez da gure kezka, kartzela ez da inorendako komeni, ezta beraiendako ere. Baina argi duguna da gure gizartean gaixotasun bat dagoela, lapurreta giroa edo gosea. Eta hori garbitu egin behar dela uste dugu. Horrelako saltsetan parte hartu duten guztiak kudeaketa eremu guztietatik alde egin behar dute. Barcina horrelako saltsetan arituta oraindik Nafarroako presidentea da, Goñi horrelako kudeaketa miserablea egin eta gero, oraindik ere hainbertze enpresetako arduradun inportantea da, Sanzek, nik dakidanez, sein enpresa kontseilutan parte hartzen du, sei jornal eramaten ditu etxera deus ez egiteagatik, Maiak Iruñeko alkate segitzen du... Horiek denak baztertu behar dira eta hori da gure helburu nagusia, gizarte bat garbi izateko horrelako zikinkeriak tartean daudenean horiek kudeaketa eremu guztietatik baztertu behar direla erakutsi nahi diogu gizarteari, eta bertze kultura bat sortzea.

Dieten auzia

2010eko CANen estatutuetan ez zen ondorioztatzen Batzorde Iraunkorra izena hartu zuen bertze organo bat osatuko zela. 10 hilabetera, CANen araudi batean jaso zen batzorde hori. Epailearen arabera, Batzorde Iraunkorraren izateak ez du lege zilegitasunik eta bilerak dirua kobratzeko aitzakia hutsa izan ziren. Batzordekide zirela, ordu erdiko 16 bileretara joateagatik Sanzek 30.000 euro kobratu zituen, Barcina eta Mirandak 19.200 euro eta Maiak 4.400 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun