Azken aldian, maiz agertzen ari da Amaiur izena hedabideetan. Ez, ordea, Amaiur herriko zerbaitengatik; Ezker Abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak osatu duten koalizioari Amaiur izena paratu diotelako baizik. Duela ia 500 urte Gaztelak konkistatu, eta Nafarroako Estatuaren galera ekarri zuen azken borrokaren kokalekua izan zelako aukeratu dute izen hori.
Hala ere, izenak eztabaida bat edo bertze eragin du Interneteko zenbait gunetan, eta TTIPI-TTAPAk Amaiurko herriarengana jo du koalizioari izen hori paratzea zer iruditzen zaien galdetuz. Julian Rekalde alkateari galdetuta, «herriari kalterik ez badio egiten, ongi iruditzen zait» erantzun digu. Eta bere inguruan galdetu duenean ere inork ez omen dio kontrakorik erran.