Endarlatsako presa ere botatzen hasiak dira

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 14a, 11:20
Bidasoa ibaian, Endarlatsako presa botatzen hasiak dira.

Excavaciones Corella enpresak eginen du 71.995,87 euroren truke

Duela aste batzuk San Martingoarekin egin zuten bezala, izokin arrantsaleek hain ongi ezagutzen duten Endarlatsako presa botatzeko lanetan ere hasi dira irailaren 13an. Astearte goizeko 9etan hasi ziren, baina arratsaldean bota zuen euri jasaren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zituzten lanak. Excavaciones Corella SL enpresak eginen du lana, 71.995,87 euroren truke.

 

Horretaz gain, aipatutako presen eraistearen jarraipen geomorfologikoa egiteko asistentzia teknikoa Euskal Herriko Unibertsitatea egiten ari da 54.500 euroren truke. 

Europako Batzordeak diruz laguntzen duen Life 2014-2020 Planaren baitan, Life Irekibai programaren barnean dago presa hauek botatzea, oztopoak kentzerakoan erreketan bizi diren espezieen harat-honatak errazteko helburuarekin. Orain, Iturengo piszifaktoriko presa botatzea geldituko litzateke.

Berako Udalak gai hau landu zuen uztaileko batzarrean. Bera eta Baztango Ehiza eta Arrantza elkarteek Endarlatsako presa bota ordez, San Martingoa bota ondotik Endarlatsakoaren ateak zabaltzea proposatu zuten, bi urtez zer eragina duen ikusteko. Puntu hori ez zuen onartu Udalak eta Endarlatsakoa ere botatzearen alde agertu zen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun