Endarlatsako presa ere botatzearen alde agertu da Berako Udala

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko uzt. 27a, 08:18
Endarlatsako presa botatzea mesedegarria dela uste du Berako Udalak. Arrantza Elkarteek, aldiz, San Martingoa bota baina Endarlatsakoaren ateak irekitzea nahiago dute, proba moduan.

Bera, Baztan eta Nazak Ehiza eta Arrantza Elkarteek horren ordez, presako ateak ireki eta bi urteko proba egitea eskatzen dute 

Berako eta Baztango Ehiza eta Arrantza Elkarteek nahiz Bidasoko Nazak Arrantzale Elkarteak aurkeztutako mozioa onartu du berriki Berako Udalak.  Mozioak bortz puntu zituen eta horietatik 4 ahobatez onartu ziren. Hirugarren puntuaren azken zatiak sortu zituen ezadostasunak. Zati horretan, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuari Berako San Martingo presa botatzeari lehentasuna ematea eta Endarlatsakoa bota ordez, ateak ireki eta gisa honetan bi denboraldietan nola funtzionatuko lukeen ikustea eskatzen zuten arrantza elkarteek. 

 

Arrantza elkarteen eskari horren alde 3 zinegotzik egin zuten, Herrirako 2k eta UPNkoak. EHBilduko 5 zinegotziek eta Herrirako bertze biek, berriz, kontra bozkatu zuten. Josu Iratzoki alkateak aipatu zuenez, «Endarlatsako presari dagokionez, dirudienez hau botatzeak onura ekartzen dio ibaiari. Presa gainean dauden ur hil horiek oxigeno gutti omen dute eta espezie ezberdinak ugaltzeko ere ez omen dute balio: lanprea, kolaka, izokia… Horrez gain, Europar araudiak kontzesioa galdua duten presak eraistera behartzen omen du. Presa eraisteaz gain, Nafarroako Gobernuak bide berdea Endarlatsako zatian moldatzeko konpromezua hartu dugu, baita Nazetako ur emariaren kontrola hobetzeko ere. Beraz, neurri horren alde eginen dugu».

Herrirako German Castillok, ordea, garrantzi berezia eman nahi zion arrantzaleen eskariaren hirugarren puntu horri. Castillok aipatutakoaren arabera, 2012ko ekainean Ingurumen Departamentuko eta Ur Konfederazioko ordezkariek Bidasoko presak bisitatzen ibili ziren. Endarlatsakoa ez zela erabiltzen eta botatzeko aukera bazela aipatu zuten, baina Manuel Lamuela, Ingurumen Departamentuko ordezkariak aipatu zuen hori ez zela ideia ona izanen, presak halako ur-baltsa haundi bat sortzen baitu, ur-eskasi garaian izokinari babesa ematen dion leku bakarra izanik. Hori hala izanik, Castilloren ustez, Endarlatsakoa bota baino lehen San Martingo presa botatzeak lehentasuna izan beharko luke eta horren ondotik, Endarlatsako presako ateak erabat ireki, gero nola funtzionatzen duen ikusteko. 2020. urtean bukatzen den Irekibai proiektuaren epeen barnean egonen lirakete gisa honetan. Erran bezala, proposamen hau ez zen onartu.

Gainerakoan, Berako Udalak Nafarroako Gobernuko Ingurumen departamentuari Mugairiko haztegitik egiten den ‘Linea Bidasoa’ amuarrain birpopulatze proiektua berreskuratzea eskatu dio, baita espezie aloktono edo inbadintzaileengan eragiteko plan berezi bat egitea ere. Berako San Martingo presa botatzeari lehentasuna ematea eta gestio eta segimendu komisio bat sortzea ere eskatu dio Udalak Ingurumen Departamentuari, Udalek eta arrantzarekin zerikusia duten elkarte eta eragileek parte hartu dezaten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun