Lesakako argazki zaharrak biltzeko bandoa karrikaratu du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 22a, 09:00
Nabazko taldea Olentzerorekin 1950eko eguberrietan.

Badira hilabete batzuk herritar talde bat Lesakako fototeka (argazki zaharren bilduma) osatzen hasi zela. Udalak laguntzen du eta horretarako bandoa ere argitara eman du berriki. «Fototeka horretara gure herriko oroimen eta gogo grafikoa bildu nahi dugu, hau da, Lesaka zein lesakarron argazkiak bildu, digital bihurtu eta sarean partekatu nahi ditugu» dio udal bandoak.

Izan ere, «gure burua ezagutu, gure banan banako zein talde garapena eta aldatzea, gure paisaiaren moldatzea... egungo gure nortasunaren parte dira. Ezagutu beharrekoak. Gozatu beharrekoak. Iragan mina baino, etorkizuna eraikitzeko ekimena da. Zeintzuk garen, nondik gatozen eta norat goazen. Talde sena indartuz, ariketa kolektiboa eginez, ongi pasatzeko unea sortuz... horrela egin nahi dugu hausnarketa».

Bistan denez, denon parte-hartzea ezinbertzekoa da fototeka hau osatzeko: ahalik eta argazki gehiago orduan eta aniztasun handiago, orduan eta oroimen handiago.

Nora eraman behar dira argazkiak?

Argazki zaharrak etxean izan eta ekimena lagundu nahi dutenek aski dute herriko etxera joatea. Astelehenetan, 09:30etik 13:00etara udaletxean izaten da honetan ari den lan taldea, baina, bertzela, udaletxeko bulego orduetan utz daitezke argazkiak, astelehenetik ortzegunera 07:30etik 15:00etara eta ortziraletan 07:30etik 14:00etara.

Argazkien kopia digitala eginen dute udaletxean bertan kontu handiz, argazkia utzi duenari originala itzuliko zaio eta nahi izanez gero kopia ere emanen zaio, argazkiaren inguruan pixka bat solastatu eta utzi duenaren baimenarekin, herriko bertze argazkiekin batera partekatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun