«Gure ondarea diren Lesakako argazkiak bildu eta digitalizatuko ditugu»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 10a, 15:00
Joseba Moreno, Amagoia Piá eta Alfonso Obeso, Lesakako argazkiak biltzen, digitalizatzen eta antolatzen ari den lan taldeko kideak.

Lesakako argazki zaharrak bildu, digitalizatu eta sareratzeko helburuarekin lan-taldea ari da lanean. Alfonso Obesok, Amagoia Piák, Joseba Morenok eta Dominique Latastek osatzen dute talde horren muina eta Lesakako herriko etxean udalak utzitako lokalean astelehenero aritzen dira biltzen dituzten argazkiak eskanerrarekin digitalizatu, antolatu eta deskribatzeko lanean. Horretarako, Nafarroako Gobernuko Artxibo Nagusiak aktak eta programak digitalizatzeko eta argazki zaharrak biltzeko programa edo aplikazioa garatzeko emandako dirulaguntza ttiki bat baliatu dute. Lesakarrek etxean dituzten argazki zaharrak uzteko (digitalizatu ondotik itzuliko zaizkie) deialdia egin dute.

Noiz eta nola sortu da argazki zaharrak biltzeko eta digitalizatzeko taldea?

Lehendik zerbait aipatua genien udal ordezkariei, baina 2023ko otsaila-martxoan hasi ginen lehen bilerak egiten eta lanerako biltzen. Ez dugu deus asmatu, bertze zenbait lekutan egin den lana da. Materiala badago, hori bilatu, bildu eta digitalizatzen ari gara eta horretan segitu nahi dugu eta herritarren laguntza behar dugu horretarako.

Nolako argazkiak bildu nahi dituzue?

Interesekoak izan daitezkeen argazkiak bildu nahi ditugu. Gaur egun nonahi eta noiznahi hainbat eta hainbat argazki ateratzen ditugu, baina joan den mende bukaera arte, argazkia ateratzea zerbait berezia zen. Muga nonbait paratu behar da eta 1970-1960 hamarkada baino lehenagokoak bildu nahiko genituzke, garai haietan herria nolakoa zen, jendea nola janzten zen, zer lanetan aritzen zen erakusten duten argazkiak. Garai hartatik honat ere izan daitezke argazki esanguratsuak, herria nola aldatu den adierazten dutenak, atentzioa deitzen dutenak, zerbait aportatzen dutenak, ospakizun bereziren batekoak… eta horiek ere interesekoak dira. Hau da gure historia, gure ondarea… eta hori ezagutzera emateko argazkiak garrantzitsuak dira.

«ALTXORRA BEZALA ZAINDU ETA ITZULIKO DITUGU ARGAZKIAK»

Argazki horiekin zer egiteko asmoa duzue?

Momentuz 300 bat edo digitalizatuak eta datu-base batean gordeak ditugu eta jendeak argazkiak uzteko deialdia egin nahi dugu. Oraingoz ez da publikoa, baina gehixeago biltzen ditugunean, edonork ikusteko moduko webgune batean zintzilikatzeko asmoa dugu. Gero, argazki horiekin, bertze hainbat gauza egin daitezke: erakusketak, egutegiak, liburuak… Baina oinarria argazkiak biltzea, digitalki gordetzea, ongi antolatu eta artxibatzea… Gibelean dagoen lana da.

Zer erran nahi diozue etxean gisa honetako argazkiak dituztenei?

Argazki horiek altxor bat dira eta hala zainduko ditugu. Nahi den bezala ekar ditzakete, paperean, negatiboak… norbaitek digitalizatuak balitu USB batean ere ekar ditzake edo Internet bidez bidali. Herriko etxean uzterakoan horrelako idatzi bat bete beharko da eta bertan agertuko da zer erabileretarako utzi nahi duten, zeinena den eta, noski, gure aldetik, digitalizatu eta gero argazkiak beraien jabeei itzultzeko konpromisoa ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun