Kaldereroen kalejirarekin abiatu dira Berako Inauteriak

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 20a, 09:52
Kaldereroen kalejiraren ondotik, Herriko Etxeko Plazan egin zuten ijitoen ezkontza.

Asteazken arratsaldean Musika Eskolak kontzertua eskainiko du

Inauteri data ofizialak Ortzegun Gizenarekin abiatuko badira ere, Beran asteburu honetatik hasia da  inauteri giroa sumatzen. Kaldereroen musika eta arrabotsekin hasi ziren inauteriak Beran otsailaren 18an, larunbat arratsean. 

Eguraldiak lagundu zuen aurtengoan eta kalejira egin zuten hainbat lagunek, gehienak haurrak eta gurasoak, tartean San Jose Zahar Etxea ere bisitatuz. Azkenean, Herriko Etxeko plazan, ohiko ijitoen ezkontza egin zen, Ibon Irastortza Urdanitz eta Julia Artieda Vila ezkongaiak zirela. Manolo Etxabek prestatutako gurdia ere inauguratu zuten.

 

Musika Eskolakoen Inauterietako kontzertua Kultur Etxean asteazkenean

Otsailaren 22an, asteazkenean, 18:00etan inauterietako kontzertua eskainiko du Isidoro Fagoaga Udal Musika eskolak Kultur Etxean.

Biharamonean, Ortzegun Gizen eguna izanen da. 15:45ean abiatuko da kalejira suhiltzaileen parketik Eztegara pilotalekura. Eguraldi txarra eginen balu, zuzenean Eztegara pilotalekuan geldituko lirateke 16:00etan. Ondotik, 16:30ean, haurrentzako berbena izanen da Eztegara pilotalekuan.

Otsailaren 26an, igandearekin, inude eta artzaiak ibiliko dira karrikaz karrika. Goizeko 10etan abiatuko dira Eztegara pilotalekutik. Goizeko ibilaldiaren ondotik, bazkaria eta arratsaldeko 6etan berriz ere abiatuko dira Eztegara pilotalekutik Altzateko karrikara.

Otsailaren 27an, Inauterietako Astelehenean, goizean zingar-arraultzea eginen dute koadrilek auzoz auzo eta karrikaz karrika eta eguerdi aldera karrozak eta mozorroak ikusiko dira karriketan. 19:00etan Batuklan taldearekin batukada eginen dute Altzateko karrikan

 

Inude eta Artzaien entsaioak

Bertze aldetik, inude eta Artzaien egunerako Eztegara pilotalekuan eginen diren entsaioak ere iragarri ditu Gure Txokoa dantza taldeak. Lehenbizikoa otsailaren 21ean eginen da, asteartean 19:00etan eta bigarrena otsailaren 24an, ortziralean 20:30ean. Biak Eztegara pilotalekuan. Bertan, bazkarirako txartelak ere salgai izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun