Dantzaz eta kirolaz blai Berako bestak hasi baino lehen

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 29a, 08:18
Berako III. gau lasterketa astelehen arratseko 10etan eginen dute.

Korrontzi dantzan larunbatean eta III. Berako Gau Krossa astelehen arratsean

Igandeko erraldoi topaketaz gain, besten aitzineko asteburuak bertze erakargarri aunitz izanen ditu Beran. Aipagarrienak, larunbat arratseko Korrontzi dantzan musika eta dantza emanaldia eta astelehen arratseko III. Berako Gau Krossa. Bestetako danborradarako entsaioak ere eginen dituzte larunbat eguerdian eta astelehen arratsaldean.

 

Uztailaren 30ean, larunbatean 16:30ean plater tiro txapelketa jokatuko da, minifoso modalitatean, Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteak antolatuta.

Larunbat arratseko 10etan, berriz, Gure Txokoa elkarteak antolatutako Korrontzi dantzan musika eta dantza emanaldia izanen da Eztegara pilotalekuan, Korrontzi eta Gure Txokoa dantza taldeekin. Sarrerak 10 eurotan salgai daude Agara prentsan (10 urte arte doan).

Igandean, erraldoi topaketaz gain, herri kirol jaialdia izanen da 19:00etan Toki Onako patioan, herriz herri txapelketako bigarren jardunaldia, hain zuzen.

Abuztuaren 1ean, astelehenean 13:00etan San Jose Zahar Etxeko familia bazkaria izanen dute. 22:00etan, berriz, Manttalek hirugarren urtez antolatutako Berako Gau Krossa eginen dute. 7,3 kilometro luze eta 300 metroko desnibela duen ibilbidea osatu beharko dute parte hartzeko nahitaez kopeta-argia eraman beharko duten korrikalariek. Izen ematea www.manttale.com web­gunean egin daiteke (federatuek 7 euro, federatu gabekoek 10 euro eta egunean bertan 13 euro).

 

Danborrada entsaioak

Abuztuaren 4an eginen den danborradarako entsaio-egunak ere zehaztuak daude. Uztailaren 30ean, larunbatean 12:00etan eta abuz­tuaren 1ean, astelehenean 19:00etan jarri dituzte hitzorduak Herriko Etxeko Plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun