Eskualdeko 18 erraldoi bilduko dira uztailaren 31n Beran eginen den topaketan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko uzt. 28a, 09:02
Joan den urtean Lesakan egin zuten Bidasoaldeko erraldoien topaketa.

Igandean Agerrako aparkalekuan utzi beharko dira ibilgailuak

Berako besten aitzineko asteburuan ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Horien artean aipagarriena uztailaren 31n, igandean 11:00etatik 14:30era eginen den erraldoi topaketa izanen da. Eskualdeko konpartsak bilduko dira eta denera 18 erraldoi izanen dira, Elizondo (4), Doneztebe (2), Sunbilla (2), Igantzi (2), Etxalar (2) eta Bera (4).

 

Erraldoiek, noski, bere musikariak ere behar dituzte eta lan horretan ariko dira Berako musika banda, Berako txistulariak, Ezpelur gaiteroak, Baztango gaitariak, Lesakako gaiteroak, Elizondoko gaiteroak eta Bortzirietako gaiteroak. Karrika dantzak, balsak, mambo, jotak eta bertze zenbait pieza joko dituzte.

Eguraldiak laguntzen badu, Eztegara pilotalekutik abiatu eta Eztegara pasealekua, Kanttonberri karrika, Legia karrika, Bidasoa karrika, Eztegara pasealekua, Julio Caro Baroja pasealekua, Uraldea karrika eta Altzate karrikan barna ibiliko dira, Altzateko plazara ailegatuz. Ibilbidean zehar bortz geldialdi eginen dituzte: Herriko Etxeko Plazan (Lesakako eta Berako erraldoiei dantzatuko dute), Eztegara pasealekua (Igantzi eta Sunbilla), Julio Caro Baroja pasealekua (Elizondo eta Doneztebe), Altzate karrika (Etxalar) eta Altzateko plaza (emanaldi nagusia eta Agurra). Agurraren ondotik kalejiran joanen dira Eztegara pilotalekuraino erraldoiak altxatzera. Euria eginez gero, ekitaldia Eztegara pilotalekuan eginen da.

Ekitaldia Berako erraldoien konpartsak, Berako Udalak eta Berako Kultur Batzordeak antolatua da, Gure Txokoa elkartea, Larogoxo harategia, Xuga ostatua, Manuel Taberna edariak eta Sarobe gozotegiaren laguntzaz.

 

Aparkalekua uztailaren 31n

Egun horretan herrian ez da leku aunitz izanen aparkatzeko: kultur etxeko aparkalekuaren zati bat talde parte-hartzaileentzat altxatuko da, Toki Onako aparkalekuan ferianteak egonen dira, Toki Onako patioa (bestetan aparkaleku gisa erabiltzen dena) ezingo da erabili egun berean herri-kirolak daudelako, Altzateko plazan ere ezingo da aparkatu ekitaldi nagusia hor delako…

Matzada eta Suhiltzaileen Parkeko aparkalekuez gain, bertze bat paratuko da Agerrako futbol zelaiaren ondoko belar-soroan.

Agerrako aparkalekuaren kokalekua: (Iruñetik etorrita) Bidasoa karrikan Agerrako futbol zelaia pasatu eta eskuinera jo: hor dituzue Lapurdi karrika eta Bortziriak karrika. Bi karrikek eramanen dute aparkalekura.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun