«Ez dakigu zeinen indartsuak garen, indartsu izatea suertatzen zaigun arte» diote Navidad Adano film laburrean. Eta Maitane eta Naroaren gurasoek ere hala azaldu dute: «beharra dagoenean, ez dagoen tokitik ere ateratzen da indarra».
Eritasunak haurren %2ari eragiten dio eta kopurua hain ttikia izanik «ez zaizu burutik pasatzen». Horregatik, haurrak zer zuen erran zietenean erabateko harridura sentitu zutela diote bi familiek «gordin-gordinean erraten dizute. Ordura arte zure kezka handiena haurra agian ingresatu eginen dutela da, pare bat egunez bertan egon beharko duela». Minbizia aipatutakoan, ordea, «gurpila gelditu egiten da. Aste betez, mundua gelditzen da eta gero pixkanaka bueltan zatoz. Datorrenaz jabetu, hurbilekoei kontatu... eta aitzinera egin».
Diagnostikoa jakindakoan, guztiz zehaztua dagoen protokolo bati ematen diote hasiera «pauso guztiak zehaztuta daude eta horrek ez dizu aukerarik ematen pentsatzeko. Gustatu edo ez, hori da egin beharrekoa». Kimioa, radioa, ebakuntza.... gogorra izan da orain arte egin duten bidea baina bai Naroak eta baita Maitanek ere, albiste onak jaso dituzte berriki «gorputzean zelula txarrik ez dagoela erran digute eta oso pozik gaude».
Hilabete hauek «intentsoak» izan dira, baina, tartean, momentu gozoak ere bizi izan dituzte «ospitaleko bosgarren solairuan eguneko egoitza bat dago eta bertan elkartzen gara haurrak, gurasoak, medikuak, erizainak... familia moduko bat osatu dugu guztiok». ADANOko boluntarioen lana ere azpimarratu dute «lehenbiziko momentutik ondoan daude, babesa ematen dizute, laguntza...» eta haurrei ere badakite ilusioa pizten «Eguberrietan bisitak, jaialdiak, film laburrean parte hartzeko aukera... Egunerokoa ahazten laguntzen dieten energia dosiak dira».
Alejo Etxaide: «Zuk egin behar diozu aurre datorkizunari baina babestua sentitzea garrantzitsua da»
Oihana Migeltorena: «Eri dago baina haur bat izateari ez dio uzten, inozentzia hori du eta eskerrak hala den»
ADANO ELKARTEAREN LAGUNTZA
Eri dauden haurren eta euren familien bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin sortu zen Minbizia duten Haurren Aldeko Nafarroako Elkartea. Javier Molinak, Iruñeko Virgen del Camino ospitaleko medikuak, jarri zuen abian eta gaur egun ospitalean bertan eskaintzen dute zerbitzua elkarteko psikologo eta gizarte langileak. Horiekin batera, boluntarioak dira ardatza. Astelehenetik ortziralera, goiz eta arratsaldez, ospitalera joaten dira haurrak bisitatzera eta irteerak, jaialdiak, udako kanpaldiak... antolatzen dituzte.
2016an egindako ekintzen artean, Navidad Adano film laburra azpimarratu behar da. Oscar J. Barrosok zuzendutako lanean, minbizia duten ADANO elkarteko hiru haur izan dira protagonistak, Elena eta eskualdeko Naroa eta Maitane. Adano elkartearen web orrian ikus liteke osorik.