Julio Soto eta Xabi Maia dira Nafarroako bertsolari txapelketako lehen finalistak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mar. 20a, 07:30

Xabi Maia elizondarrak lehen aldiz lortu du Nafarroako bertsolari txapelketa nagusiaren finalerako sailkatzea.

Gaur egungo txapelduna Berako final aurrekoan nagusitu zen Beran eta elizondarrak Antsoaingoan lortu zuen bere lehen finalerako txartela 

Nafarroako Bertsolari txapelketa final aurrekoetan sartu da asteburu honetan. Larunbatean Beran jokatu zen saioan egungo txapelduna nagusitu zen eta hortaz, apirilaren 8an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian izanen den finalerako txartela eskuratu zuen, lepo betetako Berako Kultur Etxean. Biharamunean, Antsoain, Xabier Maia elizondarrak lortu zituen puntu gehien eta hortaz, bere lehen finalerako urratsa eman zuen.

 

Berako Kultur Etxean jokatu zen 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen finalaurrekoa, aretoa bete zuten 200 bertsozale baino gehiagoren aurrean. Han aritu dira kantuan Alazne Untxalo, Iñigo Olaetxea, Ander Fuentes 'Itturri', Julio Soto, Kotte Plaza eta Eneko Lazkoz . Alaitz Rekondo aritu da gai-jartzaile lanetan.

Saio puntugarriaren ostean, Julio Sotok eskuratu zuen puntu gehien, 422,5, eta horrenbestez, apirilaren 8an Iruñean jokatuko den finalerako sailkapen zuzena eskuratu zuen. Haren atzetik sailkatu ziren Eneko Lazkoz, Ander Fuentes 'Itturri', Kotte Plaza, Iñigo Olaetxea eta Alazne Untxalo. Bortz bertsolari hauek finalaurreko faseko azken puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko. Osotara, zortzi bertsolari pasako dira finalera, oraingo 18tatik.

 

Honela geratu zen saioko puntuazioa:

Julio Soto, 422,5 puntu

Eneko Lazkoz, 401,5 puntu

Ander Fuentes 'Itturri', 383,5 puntu

Kotte Plaza, 377,5 puntu

Iñigo Olaetxea, 367 puntu

Alazne Untxalo, 358 puntu 

 

Xabi Maia Antsoainen nagusi

Antsoaingo Antzokian jokatu da 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoa. 200 bertsozale inguru izan ziren aretoan, saioa bertatik bertara jarraitzeko. Han aritu ziren kantuan Josu Sanjurjo, Mikel Lasarte, Xabier Terreros, Saioa Alkaiza, Xabier Maia eta Iker Gorosterrazu. Maider Ansak egin zituen gai-jartzaile lanak.

Saio puntugarriaren ondotik, Xabier Maiak eskuratu zuen puntu gehien, 392, eta horrenbertzez, apirilaren 8an Iruñean jokatuko den finalerako sailkapen zuzena eskuratu zuen. Haren atzetik sailkatu ziren Xabier Terreros, Saioa Alkaiza, Iker Gorosterrazu, Josu Sanjurjo eta Mikel Lasarte. Bost bertsolari hauek finalaurreko faseko azken puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko. Osotara, zortzi bertsolari pasako dira finalera, oraingo 18tatik.

Honela geratu da saioko puntuazioa:

Xabier Maia, 392 puntu

Xabier Terreros, 381,5 puntu

Saioa Alkaiza, 373 puntu

Iker Gorosterrazu, 370 puntu

Josu Sanjurjo, 364,5 puntu

Mikel Lasarte, 337,5 puntu

 

Azken final aurrekoa Agoitzen

Datorren igandean izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Agoitzeko Kultur Etxean, 17:30ean. Han ariko dira kantuan Aimar Karrika, Julen Zelaieta, Joanes

Illarregi, Eneko Fernandez, Patxi Castillo eta Oier Lakuntza. Saio hori bukatutakoan jakinaraziko da Anaitasunako finalean parte hartuko duen zortzikotea.

www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke Agoitzeko saiorako sarrerak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun