Azienda feria berreskuratuko dute Beran apirilaren 30ean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko api. 27a, 07:41
Zigardibereko behia ferira eramaten, San Esteban karrikatik Herriko Etxeko Plaza aldera, Txantre Fondaren ondoan. XX. mende hasierako irudia da.

Azienda eta produktu erakusketa eginen dute larunbat goizean kiroldegiko atarian, gero bazkaria eta baserriaren egoera eta etorkizunari buruzko mahaingurua

Garai batean Beran ere azienda feriak egiten zituzten, Zigardibereko Dolores Errandoneak utzitako goitiko argazkian ageri denez. Hain zuzen, San Esteban elizatik eliza alderako malda igotzen ageri da Zigardibereko morroia, behia eramaten. Zenbat agiri eta daturen arabera, 1935 urtean egin ziren azken aldiz feriak. Bada, orain, berreskuratzeko asmoz, azienda eta produktuen erakusketa feria antolatu dute herritar batzuk, Berako Udalaren laguntzaz apirilaren 30erako.

 

Larunbat goizeko 10:00etatik 13:30era eginen da azienda eta produktuen erakusketa, Toki-Ona kiroldegiaren aitzineko zabaldegian. Sagardoa dastatzeko aukera ere izanen da. Ondotik bazkaria izanen dute Rikardo Baroja eskolako jangelan eta 17:00etan mahai-ingurua leku berean, baserriaren egoera eta etorkizunaren inguruan. Mikel Altzuart nekazari baztandarra (Arizkungo Dutarimuno arraultze ekologikoak), Berako Nabasturengo Gabriel Errandonea (haragi eta barazki ekologikoak) eta Idiazabalgo Jatorrizko Izendapenaren erregulartasunaren saria hameka aldiz irabazia duen Sunbillako Lizun gasnategiko Arkaitz Vicente ariko dira hizlari. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun