Auzo konpostarako postuak ez kentzeko eskatuko diote Lesakako Udalari eta Mankomunitateari

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko api. 26a, 07:18

Horretarako, maiatzaren 2ra arte iraunen duen sinadura bilketa kanpaina hasi da

Lesakako udalak auzo konpostarako postuak kentzea erabaki du. Hori ez gertatzeko sinadura bilketa kanpainari ekin dio Lesaka Auzo Konpostaren Alde taldeak. Maiatzaren 2ra arte iraunen du kanpainak eta herriko ostatuetan eta komertzioetan izanen da sinatzeko aukera.

Lesaka Auzo Konpostaren Alde taldeak, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateko datuak eman ditu eta horren arabera, Lesakan 248 familiak egiten dute auzo konposta eta 158k etxe konposta, «borondatez eta inori kalterik egin gabe». Taldearen erranetan, sistema horrek alde onak bertzerik ez ditu, «ekonomikoak, dagoen sistema merkeena delako baita ekologikoak ere , sortzen den zabor kopurua aunitz jaisten delako». Beraz, Lesakako familien %40ak konposta egiten duela kontuan hartuz, «funtzionatzen duen sistema bat delako eta gure eskubidea delako», Lesakako auzo konpostarako postuak ez kentzea eskatuko diote Lesakako udalari eta Bortzirietako Hondakin Mankomunitateari, sinadura hauen bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun