148 azienda plazaratu ziren Lesakako feria egun jendetsuan

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 27a, 08:25
Aziendek eta jendetzak bat egin zuten Lesakako plaza inguruan.

Gillenbordako Javier Altzugaraik, Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoak eta Arantzako Bixente Arozenak eskuratu zituzten sari nagusiak

148 azienda aurkeztu ziren ortzegun goizean Lesakako Plaza Zaharra ingurura, Bortzirietako feria egunean parte hartzera. Horietatik 77 zaltabereak ziren, tartean ponniak, pottokak eta monturakoak zirela, 65 behi, batzuk bere aretzearekin eta zezenkoren bat eta sei ahari. Bezperako eguraldi narratsa ikusita, eguraldi polita gelditu zen ortzegun goizean, ateri behinipein, eta jendetza bildu Lesakako karriketan. Ikusi argazkiak

 

Haragitako behien kategorian bi lehenbiziko sariak, 190, 160 eurokoak, Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoa Etxebesterentzat izan ziren eta hirugarrena, 100 eurokoa, Lesakako Isabel Indarentzat.

Suitzen kategorian,  190 euroko lehen saria eta 160 euroko bigarrena, Lesakako Gillenbordako Francisco Javier Altzugarairen bi bururentzat izan ziren. Hirugarren saria, berriz, 100 euro, Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoak eskuratu zuen.

Azken urteetan bezala, ez zen esnetako behi holandesarik aurkeztu eta hutsean gelditu ziren sariak.

Zaldi aziendetan, 125 euroko lehen saria Bixente Arozena aranztarrarentzat izan zen eta bigarrena eta hirugarrena, 95 eta 50 eurokoak, Lesakako Joseba Irigoienenentzat. Azken urteetan bezala, pottoka, montura eta ponni onenak ere saritu ziren. Honela, Joseba Irigoien berak 100 euro eskuratu zituen pottoka onenarengatik, Maribel Indak 80 euro bere montura behorrarengatik eta Francisca Otxoteko beratarrak 70 euro ponni onena plazaratzeagatik.

Aharietan, sei buru aurkeztu zituzten. Lehen saria (50 euro) Gillenbordako Francisco Javier Altzugaraik aurkeztutakoarentzat izan zen eta bigarren eta hirugarren saria (30 eta 20 euro), Arantzako  Dani Lukanbioren bi bururentzat.

Baina azienda feriaz gain, Lesakako karrikek salmenta postuez gainezka egin zuten. Eskulangileek Alondigako eta Herriko Etxeko arkupetan eta Beheko Plazan bildu ziren, San Fermin elkarteak antolatuta. Hain zuzen, erretiratu elkarteko kide den Victoriano Ruizek bere makilak ere ikusgai eta salgai jarri zituen. Duela hamabi urte jubilatu zenean hasi omen zen makilak egiten, edozein egur erabiliz (ezpela, hurritza, gaztaina…), «hori bai, beti beherapeneko azken egunean moztuta. Makilak egiteko ez dut inolako tresneririk erabiltzen, nabala bakarrik».

Elikadura postuak ere jarri ziren plazako aparkaleku inguruan eta bertze hamarka salerosketa postu ere jarri zituzten. Tartean, Tantirumairu ikastolako 5. eta 6. mailako ikasleek jarritako Tantirudendan bildutakoa, Saharaztan elkarteari bideratuko diote, Saharan gertatutako uholdeen kalteak arintzen laguntzeko.

Azienda lehiaketako sariak banatu baino lehen, herri kirol saio mistoa eskaini zuten, emakume eta gizasemeak aizkoran, harrijasotzen… aritu baitziren. Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak kantari aritu ziren kioskotik, presoen senide eta lagunek hauen eskubideen aldeko elkarretaratzea ixilean egiten zuten bitartean.

 

Bihotzkada Kolektiboaren eta Euskara Batzordearen protestak

Horretaz gain, protestarako tartea ere izan zen feria egunean. Alde batetik, herriko artista eta artisauak biltzen dituen Bihotzkada Kolektiboak performance bat egin zuen, «Jose Lus Etxegarai alkateak paratzen dizkigun etengabeko traben zein azkenaldian bere aldetik jasan behar izan ditugun erasoen aitzinean». Info +

Bertze aldetik, Lesakako Euskara Batzordeko kideek ere informazio orriak banatu zituzten, gaur arratseko 7etan eginen den plenora agertzea eskatuz. Hain zuzen, gai-ordenean ageri denez, Euskara Plana bertan behera uztea eta Udala UEMAtik ateratzea nahi du Geroa Baik eta «horrek kalte handia ekarriko die lesakarron hizkuntza eskubideei».

 

Ajoarriero lehiaketa

Lesakan egun handia ortzegunekoa izan bazen ere, asteazkenean ere izan ziren zenbait ekitaldi. Nagusiena, Beti Gazte elkarteak antolatzen duen ajoarriero lehiaketa. Guzira 13 bikote bildu ziren Beheko Plazan, nahiz eta eguraldi euritsu eta haizetsua izan eta ordubetez argia joan. Lehenbiziko saria, Juan Luis Kalixa Otxoteko eta Itsasne Otxoteko aita-alabek lortu zuten, bigarrena Idoia Telletxea eta Paula Garciak eta hirugarrena Jabier Zubieta eta Iñigo Aranetak. Beheko Plaza ingurura bildutako jendeak ajoarrieroa dastatzeko aukera ere izan zuen. Musika ere izan zen eta trikitilari eta panderojoleek arkupeetako babesean jo zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun