Alkatetzak jartzen dizkien trabengatik protesta egin du Lesakako Bihotzkada Kolektiboak

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 25a, 08:57
Gure artea, gure artean erakusketa antolatu du bi urtez Bihotzkada Kolektiboak, baina orain erakusketa gelarako sarbidea ukatzen zaiela salatu dute.

Feria egunean aldarrikapen ekintza batzuk eginen dituzte, Kultur Etxerako sarbidea ukatu dietelako

Lesakako artista eta artisauak biltzen dituen Bihotzkada Kolektiboak, herriko kulturgintzaren kide eta herritar diren heinean, protesta egin du «Jose Luis Etxegarai alkateak paratzen dizkigun etengabeko traben zein azken aldian bere aldetik jasan behar izan duten erasoen aitzinean».

 

Bihotzkadak igorritako idatziak dioenez, «Harriondoa Kultur Etxeko guneen kudeaketarako asanblada deuseztatu dute, erabiltzaileen iritzien entzungor eginez». Kolektiboaren ustez, Kultur Etxea erabili ahal izateko «hautapen-sistema elitista eta bidegabea paratu dute martxan». Gainera, Kultur Etxea erabiltzerako orduan kontrol-neurri eta traba ugari ezarri dizkietela ere salatu dute, «bai ordutegiekin, baita hainbat toki erabiltzeko ere eta azkenean, bota egin gaituzte».

Ekintzak antolatzako ordutegia, turismo bulegoaren lan-ordutegietara murriztu dutela ere aipatu dute, «Kultur teknikariaren zerbitzuak arrazoirik gabe ukatu dizkigute, bere lanpostuan aurrikusiak dauden gauzetarako gainera, erakusketen zaintza, errate baterako».

Alkateak Bihotzkada Kolektiboarekiko izan dituen etengabeko errespetu faltak ere salatu dituzte. «Kolektibo gisa –diote– herriko arte eta artisautza jarduerak garatu eta sustatzeko elkargune gisa aritzea izan da gure asmo bakarra. Hala izanen da aurrerantzean ere, inolako irabazi asmorik gabeko ekintzak sustatzen segituko dugu, onuradun bakar gisa herria bera izanen duten ekintzak, hain zuzen».

Bihotzkada Kolektiboaren ibilbidean, Gure artean, gure artean Udaberriko Azokaren bi edizio eta abuztuko erakusketa antolatu dituzte. Honez gain, kolektibo gisa, «gaur egun konbentuan dagoen erakusketa gela errealitate bilakatzeko auzolana proposatu, antolatu eta bultzatu dugu. Ez dugu ulertzen, zergatik orain, alkateak, Erakusketa Gela erabili ahal izatea ukatzen digun, arrazoirik gabe, ez baitago inolako programaziorik bertan».

Espazio publikoak kudeatzeko orduan zergatik ez dituzten kontuan hartzen ere ez dute ulertzen: «Hiru urte daramatzagu biltzen (lehenbiziko Alhondigan eta gero Harriondoan), eta esparru horiek ezinbertzeko izan dira herrian dauden mural gehienen sorrerako. Honez gain, leku fisiko bat egoteak, herriko hainbat gazte artisautzaren munduan murgiltzea ahalbidetu du, baita Lesakatik kanpora ateri diren hainbat artelanen sorrera ere».

Esparru publikoen erabilerarako traba guziak kendu daitezen aldarrikatu dute Bihotzkadarik. Idatzian aipatu dutenez, «erakusketa gela erabiltzeko baldintzak etengabe aldatu zizkiguten pasa den abuztuan zehar. Komunetarako sarrerak itxi zizkiguten, eta irekiera orduak Kultura Teknikariaren ordutegira mugatu zizkiguten». Abendurako Artisau Azoka bat antolatu nahiean, Erakusketa Gela erabiltzeko eskaera ere sartu zuten, baldintza guztiak betez, baina instalazio honen erabilera, arrazoirik gabe ukatu zaiela aipatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun