Konpaneko zubia inauguratuko dute Illekuetako bestetako txupinazoan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko ira. 17a, 08:31
Konpaneko zubia zaharberritu dute eta Illekuetako bestetako txupinazoarekin batera inauguratuko dute larunbat eguerdian.

1736an eraiki zen eta auzolanean zaharberritu du herritar talde batek

Berako Illekueta auzoan dagoen Konpaneko zubiak itxura ederra hartu du, joan den urteko ekainetik honat 15 beratarrek  auzolanean egin dute lanaren ondorioz. Asteburu honetan ospatzekoak dituzte bestak Illekuetan eta txupinazoan zubia inauguratzeko aprobetxatuko dute.

 

Konpaneko zubia noiz egindakoa zen ez zekien inork orain arte xuxen, baina Nafarroako Artxibo Orokorrera egindako bixitek emaitza eman dute azkenean eta ikasi dute zein urtetan eraiki zen: 1736an egin zuen Lucas Larzabalek, garai hartako 156 pesoren truke. 1736ko irailaren 15ean eman zioten obra egiteko ardura eta urriko azken egunerako bukatu behar zuen. Lana zuzen bete zuela ageri da urte hartako azaroaren 30eko agiri batean.

Egitura aldetik ongi zegoen, arkua bikain, baina harriaren gainetik porlanezko paretak eginak zituen eta horrek aunitz itsusten zuten.

San Miguel zubian egindako lan bikainaren ondotik, erretiratu lan talde beretsuarekin harremanean jarri ziren Illekuetako auzotarrak eta iazko ekainean hasi ziren lanean. Materiala eta harriak Udalak jarri ditu. Batez ere zubiaren petrilak eta errekaren bi aldeko paretak moldatu dituzte eta horrekin batera, iturri berezi bat ere prestatu dute, 1640. urtean eraikitako Konforbaitako arraska aprobetxatuz. Arraska zutik jarri eta ura sartu dute orain.

Illekuetako auzotarrak kontent daude lanaren emaitzarekin eta asteburu honetan ospatuko duten auzoko bestetan inauguratuko dute zubi berria.

 

Illekuetako bestetako programa

Baina inaugurazioaz gain, egitarau zabala izanen dute Illekuetako bestetan.

Larunbata, irailak 19

• 12:00etan Altxaferua. Trikitixak eta gaiteroak. Erraldoiak eta buruhaundiak.

• 13:00etan Herri kirolak. Apostua.

• 14:30ean bazkaria.

• 18:00etan mus txapelketa.

• 19:00etan Bera Kantari.

• 20:30ean Zezensuzkoa.

• 21:00etan musika dantzarekin.

 

Igandea, irailak 20

• 12:00etan Auzo Meza Idigotin.

• 12:00etan marrazki lehiaketa.

• 16:00etan haurren­tzako jokoak.

• 19:00etan Gure Txokoako dantzariak.

• 20:00etan pintxo dastaketa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun