Ehun ezpatadantzari bildu ditu Lesakako Beti Gaztek bere 75. Urtebetetze egunean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko abu. 10a, 07:55
Ezpatadantzari guztiek Beti Gazteren banderaren aitzinean atera zuten argazkia, karrikaz karrikakoa hasi aitzinetik.

Joxe Antonio Garro zen beteranoena, 71 urterekin eta historiako Zubigaineko eta Ziarkako jendetsuenak eskaini dituzte

Lesakako Beti Gazte Elkartearen 75. urteurreneko ekitadi nagusia izan da abuztuaren 9ko Ezpata-dantzarien Eguna. Hain zuzen, egun horretan bete ditu zehazki 75 urteak Beti Gaztek eta 102 ezpata-dantzari bildu ditu, zazpi taldetan banatuak. Ikusi argazkiak

Egun osorako egitarau zabala prestatu zuen Beti Gaztek, Lesakako Musika Bandaren, Lesakako Txistulari Taldearen eta Tantirumairu dantza taldearen laguntzaz.  09:30erako plazan bildu eta talde argazkiak atera ondotik, zazpi ezpata-dantzari taldeak karrikaz karrika ibili ziren, bakoitza bere ibilbidea osatuz.

 

102 ezpatadantzari

Adinaren arabera, Kotte Iantzi buru zuen taldean, Jose Antonio Garro, Marcos Maritxalar, Gabriel Altzugarai, Jose Mari Ordoki, Juantxin Maia, Inaxio Portu, Fidel Ordoki, Santiago Larralde, Dionisio Arriola, Axio Arriola, Luis Javier Telletxea, Julian Maia, Julian Ordoki eta Antonio Etxebeste atera ziren;  Kotteka Ubiria aitzineskuarekin Juan Angel Ordoki, Eduardo Konde, Jose Luis Tainta, Jonhy Telletxea, Dionisio Muxika, José Javier Txoperena, Gabriel Arozena, Gregorio Ugalde, Karlos Alzugarai, Jose Mari Altzugarai, Javier Ordoki, Pablo Sarobe, Martin Sarobe eta Fernando Zoko; Xabier Portu gidari zutela, Xabier Ariztegi, Jose Mari Erkizia, Endika Mendegia, Joseba Apezetxea, Andoni Sarasola, Xabier Orube, Iñaki Alzugarai, Juanen Saralegi, Esteban Martinez, Iker Ordoki, Pello Apeztegia eta Manu Apeztegia; Mikel Irigoien kapitainarekin, Gaizka Maritxalar, German Terreros, Eneko Fernandez, Iker Bidarte, German Deskarga, Mikel Apeztegia, Beñat Saralegi, Beñat Maia, Mikel Caballero, Ander Bereau, Joseba Pikabea, Igor Alzugarai, Josu Vazquez eta Xabi Etxegarai; Peio Etxebeste aitzineskuarekin, Jon Etxebeste, Javier Etxebeste, Jon Otxoteko, Jon Alberro, Alex Abuin, Ander Abuin, Ander Maia, Ibai Bereau, Agoitz Altzugarai, Mikel Rodriguez, Ekaitz Landa, Iñigo Altzugarai, Iñaki Pikabea eta Fernando Etxegarai; Martxel Rodriguez, gaur egungo kapitainarekin Pablo Taberna, Igor Gurrutxaga, Unai Gurrutxaga, Xabier Maritxalar, Oier Iantzi, Mikel Aitor Flores, Mikel Arriola, Mikel Maia, Xuban Larretxea, Fred Ramos, Jon Erro eta Bittor Etxabide; eta 10-12 urteko ttikiak biltzen zituen taldean, Manex Ramos buru zutela, Mattin Lekuona, Jonan Berrozpe, Asier Larralde, Jon Ander Ruiz, Miguel Ubiria, Imanol Mesa, Markel Erkizia, Unax Ordoki, Aitor Pagadizabal, Peio Iturria, Beñat Etxabide, Josu Zubieta, Iker Agirretxe eta Xabi Apeztegia aritu ziren.

 

Joxe Antonio Garro beteranoena

Joxe Antonio Garro izan zen dantzari beteranoena, 71 urte egin baitzituen apirilean eta Beñat Etxabide gazteena, 9 urterekin (10 eginen ditu azaroaren 23an). Joxe Antonio Garrok gogoratzen zuenez, hameka urtez aritu zen dantzari, «1961ean, 17 urte nituela hasi eta 1972ra bitarte, ezkondu nintzen urtea». Sanfermin eguneko oroitzapen politak ditu gordeak, baita «San Pedro egunez, egiten zela entsaio generala frontoian, eta gero, ogia eta gaztara gonbidatzen gintuen Udaletxeak Kasinoan». Bestetako laugarren egunean ezpatadantzariak Txakainera joaten zirela ere gogoratzen du: «berendatzeko bi fritada kazuela haundi eramaten zituzten Kasinotik, bat dantzarientzat eta bertzea musikarientzat. Gero, herrira bueltan plazan itzuli bat eman eta Kasinoko jatetxera sartzen ginen dantzan, nolabait eskerrak emateko». Sanferminetatik kanpo ere dantzatu omen zuten, Baztandarren Biltzarraren batean eta bizpahiru ezkontzata. Halere, Garrok gogoan du Manuel Fraga Iribarneri ere nola dantzatu zioten 1968an, «Francoren Informazio eta Turismo ministroa zen orduan eta Berara etorri zen kanpina inauguratzera. Gero Etxalarko Bentan bazkaldu eta Lesakara gonbidatu zuten, Zubigainekoa ikustera. Gogoan dut fabrikan ordu bat eman zigutela libre eta dantzatu ondotik berriz ere lanera bueltatu ginela». Igandean Kotte Iantzi izan zuen aitzinesku, baina bere denboran ez zen berekin suertatu: «lehenbiziko urteetan Mañolo Igoa zena izan genuen kapitain eta azkenean Inaxio Portu. Kotte gero sartu zen, Inaxioren ordez».

11:00etan Plaza Zaharretik talde guziak elizara joan ziren, musika bandaren laguntzarekin, “Arrankada” zirarragarria egin ondotik. Meza ondotik, Zubigainekoa dantzatu zuten Onin errekaren bazterrean, Inaxio Portu kapitain nagusi zela. Hain zuzen, kapitainen artean Portu zen nagusiena, 70 urterekin, baina karrikaz karrikakoan dantzari soil izan ondotik, zubi gainean bere lekua hartu zuen. Inoiz izan den Zubigainekorik jendetsuena izan zen eta Eskol Ttikiko zubitik hasi eta Matxinbeltzenea bitartekora banatu ziren dantzariak. Segidan, Ziharkakoa dantzatu zuten plazan, ehun bat metroko bi erreldo osatuz, Kotte Iantzi buru zela. Martxel Rodriguez, gaur egungo kapitainak Aurresku dotorea dantzatu zion Beti Gazteko banderari. Eguna borobiltzeko, herri bazkari jendetsua egin zuten frontoian 300 lagun baino gehiago bilduz.

Aipatzekoa da duela 30 urte ere egin zela Ezpata-dantzari Eguna Lesakan, 1985eko irailaren 1ean, zehazki. Orduan, 5 talde atera ziren, 75 ezpata-dantzari guztira. Orduko hartan, Gaizka Sarasola izan zen dantzaririk gazteena, 9 urterekin. Gaizka aitzinesku izan zen hainbat urtez, baina igandean txistularien zuzendari izan zen. Andoni anaia eta Jon Ander Ruiz iloba bai, dantzarien artean izan zituen.

 

Erlazionatuak

Ezpatadantzarien eguneko balorazioa

Xorroxin irratia 2015 abu 10 Bortziriak   Lesaka

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun