Agerra Mendi Taldea eta Manttaleren irteera Gavarnie eta Taillon mendira uztailaren 18an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko uzt. 13a, 08:09
Bi urtetik behin Gavarnie eta Taillon aldera joaten dira Berako mendizaleak.

Hiru ibilbide egiteko aukera izanen da eta Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegi omenduko dituzte

Bi urtero bezala, Agerra Mendi Taldeak eta Manttalek Piriniotan dauden Gavarnie eta Taillon mendira irteera antolatu dute. Ateraldia uztailaren 18an eginen da eta nahi duenak parte har dezake.

Gavarnie herria izanen da antolatu diren 3 ateraldietarako abiapuntua.

Irteeteran errazena Gavarnie herritik aterako da, urjauzirainoko ibilbidea osatuko du eta bide berdinetik itzuliko da bueltan. Guti goiti-beheiti hiru orduko iraupena izanen du.

Bigarren aukerak berriz, urjauzirainoko ibilbidea aurrekoekin eginen du eta handik Sarradetseko aterpetxeraino igoko da (2.200 metro). Bertatik Bujarueloko porturaino jaitsiko da, 5 bat orduko ibilaldia osatuz.

Hirugarren aukeran, gogorrenean, Taillonen (3.144 metro) igoera eta jautsiera izanen ditu desberdintasun bezala. Sarradetsetik, Roland-en bretxara pasatuz eginen da eta 7 ordutakoa izanen da itzulia.

Geroago, hiru martxak Bujaruelo lepoan aurkituko dira, Taillonean zendu ziren Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegi, omentzen dituen monolitoan. 

Hiru mendizaleak omendu eta gero Gavarnie herri ondoan bazkaria eginen da.

Beratik aterako dira goizeko 5:45ean, Iamotenea parkinetik, eta 20:00etarako bueltatuko da. Ateraldiak 15 euro balio du eta autobusa eta bazkaria prezio honen barruan daude. Izen-ematea Berako Pikabea harategian egiten ahal da eta parte-hartzaile kopurua mugatua da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun