Jendetza bildu da Leitzaldean pediatra orain behar dutela eskatzeko

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 12a, 20:22

Orain arteko eskaerak entzun ez dituztela ikusita, zartariak, panderoak, zintzarriak eta tronpetak hartuta kalera atera dira gaur arratsaldean Leitzan, Areson eta Goizuetan. Leitzaldean pediatria zerbitzua berrezartzea eskatzeko elkarretaratzeak egin dituzte hiru herrietan. 18:30ean egina zuten hitzordua eta herritar ugarik bat egin dute Leitzaldeko guraso batzuk egindako deialdiarekian. Leitzan 450 lagun inguru bildu dira, Areson 50 bat eta Goizuetan 130 inguru.  Urte hasieratik bizi duten egoera onartezina dela salatu dute eta konponbide duin bat emateko eskatu.

Urte hasieratik daude pediatria zerbitzurik gabe Leitzako Osasun Etxean eta Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri arren,  salatu dute: «inongo konponbiderik ez digute ematen». Leitzaldeko familia askok egoera zailak bizi dituztela azaldu dute: «ohiko gaixotasunez gain, haur jaio berriei ez zaizkie horren ugariak diren mediku azterketak egiten eta gaixotasun kronikoak dituzten haurrei ez zaie jarraipenik egiten». Herrian pediatra ez izateak, gaixo jartzen diren uneoro haurrak Iruñera eraman beharra dakar: «lekualdatze horrek, familientzako denbora (badakigu noiz goazen baina ez noiz gatozen bueltan), logistika (lanetik libratzea, beste haurrak non utzi pentsatzea eta izatea...) eta gastu ekonomikoak (kotxea, erregaia, aparkamentua...) suposatzen ditu». Gainera, Iruñean larrialdi zerbitzuetan haurrak aldiro mediku desberdin batek behatzen ditu: «horrek haurren jarraipena bete betean oztopatzen du».

Egoera onartezina dela iritzita, mobilizazioekin segitzeko asmoa dute: «ez dugu egoera hau onartuko eta borrokan jarraituko dugu egoerari konponbide duin bat eman arte». Horretarako, herriaren babesa behar dutela ere nabarmendu dute: «funtsezkoa da egoera honi guztion artean aurre egitea! Haurrik gabe herririk ez dagoelako. Ez gara nolanahi konformatuko, lanean eta borrokan jarraituko dugu».

Hurrengo elkarretaratzea apirilaren 15ean, astelehenean, Vianako Printzea ospitalearen aurrean eginen dute, 11:00etan eta apirilaren 27an  Leitzan egitekoa duten Udaberri festa baliatuta, argazki erraldoia aterako dute 11:00etan plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun