Lesakako Osasun Zentroa

«Badakigu haurrek orain Bortzirietan duten zerbitzua ez dela erosoena eta nahikoa»

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 21a, 08:00
Osasun etxeak zaintzeko eskatuz elkarretaratzeak egin zituzten 2020an eta 2021ean. Irudi hau Lesakan egindako elkarretaratze batean hartutakoa da.

2022ko abenduaz geroztik pediatrarik gabe daude Bortzirietan, zehazki, pediatriako lanpostu bat eta erdi hutsik dituzte, eta egoera horri taldeko bertze medikuekin eta bertze osasun eremuetako medikuekin erantzuten saiatzen ari dira. Hala ere, taldeko kideek onartu dute « «ez dela nahikoa» eta pediatra lortzeko euren esku dagoena egiten ari direla.

Lesakako Osasun Zentroan eta Arantzako, Berako, Etxalarko eta Igantziko kontsultategietan lau administrari, zeladore bat, hamabi erizain, fisioterapeuta, psikologo eta gizarte langile bana eta hamaika medikuk ari beharko lukete, baina «bi mediku eta erdi falta» dituzte. Baldintza «makurragoetan» aritu izan direla onartu dute bertako arduradunek, baina «lanpetuak gaude, ez bakarrik jende faltagatik, baita lana ongi egiteko denbora falta dugulako ere». Administrazioak «profesionalak falta direla eta ez dagoela bitartekorik» erantzuten omen die: «Umezurtz uzten gaitu».

Gaur-gaurkoz bi hutsune nagusi dituzte: batetik, «orain dela aste batzuk Berako mediku bat Osakidetzara joan zen» eta bertzetik, ia hiru hamarkadaz Bortzirietako pediatra izan zen Belen Compains 2022ko abenduan jubilatu zen, eta geroztik, bere postua eta pediatriako bertze erdia hutsik daude.

Hutsune horri «taldeko bertze medikuekin eta bertze osasun eremuetako medikuekin» erantzuten saiatzen dira. Pediatraren kasuan, «astean bi egunez, arratsaldez, Elizondoko pediatra etortzen da eta haurrak Doneztebeko pediatrarengana bidaltzeko aukera dugu. Kasu larrietan helduen medikuak hor daude». Horren harira, «lantaldeko medikuen eta Elizondoko Eduardo eta Doneztebeko Iosu pediatren lana eskertu» dute.

Laneko martxa ere aldatu dute. 1.109 haur daude Bortzirietan erreferentziazko pediatrarik gabe, eta arreta emateko «eskaerak lehenbizi administrariek bideratzen dituzte; gero erizainek haurrei lehenbiziko behaketa egiten diete eta eurek erabakitzen dute nora bideratu: Doneztebeko pediatrarengana, edo helduen medikuengana». Horregatik diote «erizainen eta administrarien beharra» dutela.

Bide horretan, herritarren «jarrera ona» eskertu dute, «euren pazientziagatik. Badakigu eurentzat ere ez dela erraza zirkuitu hori ulertzea, batzuetan bi bisita egin beharra, erizaina eta pediatra bi momentutan, Doneztebera joan beharra...». Jakitun dira «ez dela irteera erosoena» eta «zerbitzua behar bezala emateko ez dela nahikoa, baina gure helburua pediatra lortzea da eta gure esku dagoena egiten ari gara. Administrazioarekin harremanetan jartzen garen bakoitzean, eskaera nagusia pediatra izaten da».

«Aldaketarako garaia»

Bortzirietako osasun zentroko ordezkariek «aldaketarako garaia» dela ere aipatu dute: «gizartea aldatu denez, beharrak aldatu dira. Langileak falta ditugu, baina administrazioaren aldetik antolaketa berria behar dugu, eta gizarteak ere inplikatu behar du. Kontuan izan behar dugu non bizi garen. Ulertzen dugu profesional batzuek Iruñetik etorri nahi ez izatea, baina ditugun baliabideekin, eta esfortzu handiarekin, aitzinera egiten saiatzen gara». Bide horretan, «administrazioak distantziaren arazoa saihesteko» egiten duen eginahala txalotu dute: «Adibidez, Osakidetzarekin hitzarmena sinatu berria du. Bortzirietan harreman gehiago nahi dugu eurekin eta haien baliabideak probestu. Konbentzituak gaude jendearentzat ona izanen dela».

«Osasun publikoa defendatzeko» aldarria eginez, «osasun zerbitzuak aldatu» behar direlakoan daude, baita «osasunaren kontzeptua» ere: «Garrantzitsua da pertsona gizarte barrenean kokatzea eta erantzunak integrala izan behar du. Aldaketak poliki egiten dira, baina egiten ari dira, eta baliabide batzuk galdu ditugu, baina bertzeak lortu: ekografiak, kirurgia ttikiak, edoskitze tailerrak, psikologoa, fisioterapeuta...».

Bortzirietako arduradunak «administrazioak, profesionalek eta herritarrek bide berean lan egitearen garrantziaz» ere aritu dira. Hala, administrazioari «luzera begirako estrategiak eta aldaketak egiteko indarra» exijitu diote. Profesionalei «lanean segitzeko indarra, formazioa eta aldaketak egiteko irekita egiteko» eskatu diete eta herritarrei «norbere osasuna zaintzeko» deia egin diete, «hein batean, norbere ardura baita. Baliabideak ongi erabili behar dira. Horretarako prebentzioak eta heziketak garrantzi handia du eta lanean ari gara». Teknologiak «gauzak errazten» ahal dituela ere gaineratu dute.

Zenbat dira euskaldunak?

Bortzirietan «31 lanpostuetatik 16tan euskara eskatzen da, eta euskaldunak 25» dira. Euskaldunak ez direnen artean, «bi mediku euskara ikasten» ari omen dira. Horrekin batera, «lau erizainek lanaldi murriztua dute eta euren ordezkoak euskaldunak dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun