Gurasoei zuzendutako Internet-i buruzko hitzaldiak antolatu dituzte Beran

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko api. 4a, 07:29
Gazteek erabiltzen dituzten tresnen inguruko azalpenak eskainiko dituzte.

Apirilaren 9an eta 17an izanen dira Beralandetan, Bakeolako Miren Ibarzabalen eskutik

Berako Toki Ona Institutuak eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatuta, ‘Sare-on aukerak, arriskuak eta prebentzioa’ hitzaldia eskainiko du Bakeolako Miren Ibarzabalek apirilaren 9an, astelehenean, 16:00etatik 17:30era Berako Beralandetan.

 

Internet, sare sozialak… Gurasoek zer eta nola jakin behar duten eta egin behar duten landuko dute. Bigarren saio bat ere eginen dute apirilaren 17an, ordutegi berean.

Edukiei dagokienez, sare sozialak eta teknologia berriak azalduko dituzte, gazteek on-line erabiltzen dituzten tresnen azalpena (Instagram, Facebook, twitter, snapchat, youtube, blogak, influencerrak…) eta lehengo eta oraingo ohituren arteko alderaketa; sare sozial eta internetaren garrantzia gazteen bizimoduan (zein funtzio betetzen dituzte, zein behar asetzen dituzte, zer eragin dute, identitatearen eraikuntzan zer eragin duen…) eta arriskua eta prebentzioa (nola eraikitzen ditugu gure harremanak? Sarean nolako indarkeria dago? Nola ematen da? Heziketarako pautak eta familian komunikazioak duen garrantzia).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun