Nafarroa Oinez 2017 Lesakan

Euskal Herria-Eire topaketa eta Trenbide(o)a lehiaketako sari banaketa egin du Nafarroa Oinezek

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 11a, 07:06
Eireko ordezkariak, Berako herri bazkarian.

Exkas eta Irene taldeek irabazi dute Trenbide(o)a sormen lehiaketa eta San Migel zubian egin zen Eireko taldearen ongietorria 

Euriak ez zuen larunbateko Bikin bat in Euskal Herria-Eire (Irlanda) topaketa eta Trenbide(o)a lehiaketako sari banaketa goibeldu. Alderantziz. Hainbat ekimen antolatu ziren Lesakako Nafarroa Oinezen atariko jardueren baitan: mendi ibilaldia, Eireko gazteei omenaldia, sormen lehiaketako sari banaketa, kalejira, kantu bazkaria...

 

Horietako gehienak Berako udalerrian egin ziren. Izan ere, urtean zehar egin diren jarduerak ibilbide baten inguruan osatu ditu Lesakako Tantirumairu ikastolak. Memoria historikoa eta sormena ardatz izanik, Oiartzungo Arditturriko meategietan hasi ziren ekimen horiek, eta urak nola, Arritxulo, Agiña, Lesakako mendiak eta errekak izan ziren hurrengo jardueren aitzaki eta kokaleku. Azken ekimen honetarako, berriz, Lesaka eta Gipuzkoa lotzen zituen trenbide ohia hartu da oinarri, eta Berarekin osatu nahi izan da zubia, bizilagunak izaki.

 

Eireko gazteei ongi etorria eta sari banaketa

Lesakatik Bera alderako bidea eginez hasi zuten hainbat lesakarrek eguna. Mendiz lehenengo eta ondoren trenbidea zenaren bidetik iritsi ziren Bera eta Lesaka artean kokatzen den San Migel zubira, Bidasoa gainean dagoen zubi historikora. Tobera soinuekin egin zitzaien bertan ongietorria Eireko gazteei, eta txistularien doinuekin agurra dantzatu zitzaien. Ondoren, trikitixa lagun, Labiaga ikastolara abiatu ziren Berako karriketatik.

Bazkariaren aitzinetik, Trenbide(o)a lehiaketako sariak banatu ziren. Arestian aipatutako trenbide ohia izan da sormen lehiaketa honen oinarria, eta parte hartu duten bortz taldeek hori aitzaki hartuta osatu dituzte bortz minutu baino laburragoak diren film laburrak. Horretarako, bi egun eskas izan dituzte.

Horien artean Exkas (Kattalin Odriozola, Ane Telletxea, Ane Renau, Uxue Mesa eta Iratxe Muxika kideekin) eta Irene (Imanol Mesa, Iraia Etxarte, Garazi Ubiria, Ihintza Lekuona eta Eider Goizueta) lanak gailendu ziren. Lehenak Lesakako Nafarroa Oinezen ikurrak baliatu dituzte: toberak, ikastolaren alboko intxaurrondoa, jardueretako ibilbidea, belaunaldi ezberdinak... Bigarrenak, bestalde, kutsu historikoagoa hautatu dute. Sariak Ordoki zalditegirako sarrera eta Larrunerako trenean bidaia izan dira. Gainontzeko hiru taldeek ere Irisarrirako, Arditturriko eta Azpeitiko tren museoko sarrerak eskuratu dituzte.

 

Gaelikoa, Aranera eta Makiritare hizkuntzak

Aurten Nafarroa Oinezeko Txikiak Handi egitasmoak Lleida (Herrialde Katalanak) eta Venezuela aldera egin du salto. Izan ere, Aranera eta Makiritate hizkuntzak izango dira aurten egitasmoko protagonistak. Biak ere galtzeko arriskuan daudenak, Unescoren arabera. Hizkuntza komunitate horietako ordezkari bana etorriko dira urriaren 15ean, Lesakako Nafarroa Oinez egunean, Txikiak Handi manifestua sinatzera. Hori dela eta, atzo Txikiak Handi ekimeneko taldekoek hitza hartu zuten bazkaldu aitzinetik, eta Eireko lagunak eguneko protagonistak izaki, hirugarren hizkuntza bati ere egin nahi izan zioten keinua: gaelikoari. Horretarako, euskaraz eta gaelikoz irakurri zen manifestua, eta Eireko ordezkari batek sinatu zuen manifestua.

Ondoren egin zen kantu bazkarian ere Eireko hainbat kantu abestu zituzten. Guztia girotzeko Kuxkuxtu txaranga aritu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun