Zazpi hautagaitza eskuratu ditu Kukai dantza taldeko Jon Maya eta La Veronal taldeko Marcos Morau koreografoek prestatutako Oskara-k: dantza ikuskizun onenaren saria, arte eszenikoen ekoizpen pribatuarena, espazio eszenikoarena (Marcos Morau), jantzi onenen saria (Iraia Oiartzabal), argiztapen onenarena (David Bernues), gizonezko dantzari onenarena (Martxel Rodriguez) eta dantza antzezle talde onenarena (Jon Maya, Eneko Gil, Martxel Rodriguez, Ibon Huarte, Urko Mitxelena eta Alain Maya).
Martxel Rodriguezek pozez gainezka hartu du izendapena: «lehendik ere poz handiak eman dizkit Oskarak eta hau pastelaren ginda izan da. Jon Mayak deitu ninduenetik proiektuan parte hartu nahi ote nuen galdetuz, eta gero egin dugun ibilbide osoa hagitz polita izan da. Marcos Moraurekin lan egin ahal izatea ere plazer hutsa izan da neretzat eta gauza aunitz eman dizkit dantzari moduan… Hautagaia nintzela jakin nuenean handia izan zen eta orain, finalista naizela jakitea ikaragarria».
Arte Eszenikoen Max Sariko irabazleak ekainaren 5ean jakinaraziko dituzte, Valentziako Palau de les Arts aretoan eginen duten jaialdian.